2024/1/24 | ISEI BARBERO / Argazkiak:  artxiboa

Asteburu berri bat ate-joka dugu eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko kartelera.  Senior mailako neskek atsedenaldia izango dute;  mutilek, ordea, Nafarroa aldera joango dira, BRT Menditarrak taldearen kontra indarrak neurtzera (zapatua, 16:30).  Dena den, asteburuko hitzordurik azpimarragarriena Pirolitiken aldetik etorri da, amen taldeak lagunarteko txapelketa jokatuko baitu Valladolizen. 

Ordezkari arrasatearrekin batera beste bost talde hartuko dute parte Pepe Rojo errugbi zelaian izango den torneoan:  Lamiak UBR, Madreñez, Tigresas, Osas eta Wondervrac.  Norgehiagokak eguerdiko 12:00etatik aurrera jokatuko dira eta, ohi bezala, helburua ondo pasatu errugbiaren munduan aurrerapausoak ematen jarraitzea izango da. 

Pirolitikak, Xixonera egindako bidaian.

Mutilak Baztanen

Esan bezala, Senior mailako mutilak Nafarroa aldera joango dira, Baztanera, eta Lekaroz errugbi zelaian 2024ko aurreneko garaipena bilatuko dute.  Izan ere, urte berria estreinatu genuenetik, jokatutako bi partiduak galdu dituzte Barrutiaren mutilek: aurrenekoa Elorrion eta, iragan asteburuan Mojategin, Getxoren kontra gutxieneko aldeagatik.

Testuinguru honetan, iragan asteburuko atsekabea ahaztu eta garaipenaren bidera itzultzeko asmoarekin zelairatuko da talde zuri-morea.  Baztandarrak sarrailagileen aurkari zuzenak dira, 36 punturekin laugarrenak baitira sailkapenean, Kanpanzar Arrasaterekiko bederatzi puntuko abantaila dutela.  Gauzak horrela, Nafarroatik garaipenarekin itzuliz gero, gora begira aurrerapausoa emango lukete Barrutiaren mutilek.

Elorrioren kontra, lehen itzulian, Moajtegin jokatutako partidua.

Kartelera

Asteburuko gainontzeko hitzorduei dagokionez, zapatuan beste bi izango dira:  14 urtez azpikoek goizeko 10:30ean Unben izango den topaketan hartuko dute parte, Eibar/Mutriku, Gaztedi eta Iruñearekin batera, Soraluzerekin taldea partekatuz;  Elorriorekin batera aritzen diren 18 urtez azpikoek, berriz, Uribealdeari egingo diote bisita 12:30eatik aurrera.  Azkenik, igandean, asteroko entrenamendu saioa burutuko dute inklusibo eta Errugbi Eskolako neska-mutikoek, ohi bezala, 10:30ean hasita Mojategin.


0 comentarios

Deja una respuesta