2024/1/21 | ISEI BARBERO / Argazkiak:  R. Santa Cristina

Ahazteko moduko larunbata izan da asteburu honetakoa Arrasate Errugbi Taldearentzat, senior mailako bi taldeek Mojategin jokatu behar zituzten partiduetan puntuek ihes egin baitute.  Goizean, AGT Arrasate/Eibarreko neskek La Unica izan zuten bisitari eta, tamalez, nafarrek garaipen argia poltsikoratu zuten:  10-67.  Arratsaldean mutilen txanda izan zen eta, oso gutxigatik eta azken unean izan bazen ere, kasu honetan ere talde bisitaria, Getxo, nagusitu zen (21-23).

Esan bezala, goiztiarrenak neskak izan ziren, 2024ko aurreneko garaipena bilatu baitzuten eguerdiko 12:00etatik aurrera La Unicaren kontra.  Partidua ez zen ondo hasi Delgado eta Cuevasen neskentzat, hirugarren minuturako nafarrak 0-5 baitziren aurretik markagailuan.  Etxekoen erreakzioa, baina, berehala etorri zen, 10. minutua bete baino lehen partidua berriro ere orekatua baitzegoen June Anguloren entseguari esker.

Lehen zatiaren erdialdera arte markagailuak 5-5ekoa erakutsi zuen, baina 20. minutuan La Unica berriro ere aurretik jarri zen, entsegu berri batekin eta, kasu honetan, transformazioa asmatuta (5-12).  Hiru minutu beranduago bisitariek abantaila handitu zuten (5-17) eta, ordu erdia igarota, AGT Arrasate/Eibar berriro ere partiduan sartu zen Eider Luengoren entseguarekin (10-17).  Bazirudien emaitza horrekin joango zirela atsedenaldira bi taldeak baina, arauzko denbora agortzeko pare bat minuturen faltan bisitariek entsegu berri bat egin, kasu honetan ere transformazioan asmatuta, eta 10-24koa ezarri zuten markagailuan.

Bigarren zatian konbinatu gipuzkoarra emaitzari buelta emateko helburuarekin zelairatu zen, baina zuri-moreen itxaropenek etzuten luzaroan iraun.  Izan ere, nafarrek bost minutu baino etzuten behar izan entsegu berri bat lortzeko eta, hortik aurrera, AGT Arrasate/Eibar noraezean ibili zen.  10-31ekoaren ostean bisitariek beste sei entsegu egin zituzten, hiru transformazioetan asmatuta.  Gauzak horrela, amaieran La Unica 10-67 nagusi.

Mutilak azken unean

Nesken porrota argia eta garbia izan bazen, mutilen kasuan azken unean ihes egin zuten puntuek.  Julen Barrutiak zuzendutako taldeak lehen itzuliko borreroetako bat izan zuen bisitari, Getxo, eta mendeku gosez zelairatu ziren.  Lehen kolpea, baina, bisitariek eman zuten, ordu laurdena igarota eta zutoinen artera bidalitako zigor kolpearen bitartez.  Sarrailagileen erantzuna bost minutu beranduago iritsi zen, modu berean eta Arizaleta protagonista gisa.  3-3koarekin, eta aurreikusten zen bezala, indarrek parekatuta jarraitu zuten lehen zatiko ordu erdia ate-joka zela arte.  26. minutuan bisitariak berriro ere 3-6 aurreratu ziren zutoinetara bidalitako baloiarekin baina, handik bi minutura, Abarrategik arratsaldeko aurreneko entsegua lortu zuen.  Atsedenaldira joan aurretik arrasatearrek beste baloi bat bidali zuten zutoinen artera –Portalo- eta, honenbestez, 13-6ko abantailarekin joan ziren atsedenaldira.

DSC_2566

Bigarren zatia hasi eta berehala Portalok zigor kolpe berri bati etekin ezin hobea atera zion, markagailuan 16-6koa ezarriz.  Handik gutxira, baina, Getxok entsegua egin eta, transformazioan asmatuta, etxekoen errenta berriro ere murriztu zue (16-13).  20. minuturako getxoztarrak aurreratu egin ziren entsegu berri bat eginda (16-18), baina Barrutiaren mutilen erantzuna berehala iritsi zen, oraingo honetan Xabier Narbaizaren entseguarekin. 

10 minutu eskas geratzen ziren partidua amaitzeko eta markagailuak 21-18 erakusten zuen etxekoen alde.  Bazirudien garaipena Mojategin geratuko zela baina, min gehien egiten duenean, partiduko azken unean, Getxok entsegua egin eta, markagailuari buelta emanda, garaipena Bizkaia aldera eraman zuen.

Beste emaitza batzuk

Asteburuko beste partiduei dagokionez, Elorriorekin batera taldea partekatzen duten 16 eta 18 urtez azpikoek ere hitzorduak zapatuan izan zituzten.  Lehenengoek Iruñeari egin zioten aurre San Txismen, eta nafarrak 36-43 nagusitu ziren.  Bigarrenek ere etxean jokatu zuten, kasu honetan Hernaniren kontra, eta 20-5 nagusitu ziren.


0 comentarios

Deja una respuesta