2026/11/1 ISEI BARBERO | Argazkiak: Artxiboa
Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako neskek geldiezin jarraitzen dute eta, asteburu honetan, garaipen berri bat eskuratu dute, denboraldiko hirugarrena. Joseba Zabalak zuzendutako taldeak Hernaniri egin zion bisita larunbat arratsaldean, Emakumezkoen Euskal Ligan atsedenaldi jardunaldia zela aprobetxatuz, lehenengo jardunaldian atzeratutako partidua jokatzeko. Aurreko bi partiduetan bezala, oraingo honetan ere Geurea RT jaun eta jabe izan zen eta, horren adierazgarri, amaierako markagailua: 10-75 konbinatu euskaldunaren alde.
Norgehiagoka berehala jarri zitzaion alde talde bisitariari, bosgarren minutua igaro orduko 0-7 baietzen aurretik Jone Ugaldearen entsegua eta Alea Iraciusen transformazioari esker. Ordu laurdenerako abantaila handitu egin zuen konbinatu euskaldunak, oraingo honetan Ixone Mendizabalen tantoarekin, berriro ere Iracius eraginkor aritu zela transformazioa gauzatzerako orduan.
0-14koarekin etxekoen susperraldia iritsi zen, 20. minutua ate-joka zela Hernanik lehenengo entsegua lortu baitzuen (5-14). Etxekoen pozak, baina, etzuen luzaroan iraun, Aiora Agirregomezkortak bisitarien hirugarren entsegua lortu baitzuen, oraingo honetan ere Iraciusen transformazioarekin (5-21). Lehenengo zatian beste tanto bat lortu zuten Landarekoek (10-21) baina, atsedenaldia ate-joka zela, Udane Azarragaurizaren entseguak eta Maddi Berrio-Otxoaren transformazioak lehia ia erabakita utzi zuten.

Artxiboko irudia, iragan denboraldian Hernanin jokatutako partiduarena.
Bigarren zatian Joseba Zabalak zuzendutako taldea izan zen jaun eta jabe berdegunean, entseguak bata bestearen atzetik heldu zirela, beste zazpi orotara, horietatik hiru jokalari arrasatearrenak: Bi Eider Luengorenak eta Irene Dolararena bestea. Azken honek, gainera, hiru transformazio gauzatu zituen. Beste lau entseguak Udane Azkarragaurizar (3) eta Maite Corbalenak izan ziren.
Garaipen berri honekin, denboraldiko hirugarrena jokatutako beste horrenbeste partiduetan, Geurea RT lidergoan da jada 15 punturekin, bere jarraitzailerik gertukoen La Unicarekin berdinduta. Hirugarren sailkatu Donostiak 14 puntu ditu ditu, eta laugarren postuan, Uni Bilbo dago 10ekin. Bilbotarren kontra, hain justu ere, jokatuko dute etxean datorren asteburuan Joseba Zabalaren neskek.
Mutilen porrota Durangon
Neskek bezala, senior mailako mutilek ere lidergoa izan zuten jokoan zapatu arratsaldean baina, kasu honetan, txanponaren beste aldea pairatu zuten. Julen Barrutiaren mutilek egungo lider Durangori egin zioten bisita eta, norgehiagoka parekatuaren ostean, 30-24 galdu zuten. Gauzak horrela, porrot honen ostean hirugarren postuan geratu da talde arrasatearra 13 punturekin, Durango liderretik sei puntura eta bigarren sailkatu Uni Bilbo baino hiru puntu gutxiagorekin.
Partidua ezin hobeto hasi zen Kanpanzar Arrasaterentzat, laugarren minutuan Beñat Salaberrik lortutako entseguak 0-5 jarri baitzuen aurretik talde zuri-morea. Ordu laurdenerako, baina, 7-5 zen aurretik Durango eta, atsedenaldira joan baino lehen, errenta 15-5era arte handitu zuten Arripausuetakoek beste entsegu bat eta zutoinen artera bidalitako zigor kolpearen bitartez.
Bigarren zatian hasi eta berehala Manex Olabarriaren entseguak eta Ibai Portaloren transformazioak markagailua berriro ere estutu egin zuen (15-12), baina bisitarien pozak etzuen luzaroan iraun, bizkaitarren beste bi entseguk, horietako bat transformatuta, 27-12koa ezarri baitzuten markagailuan partidua amaitzeko 10 minuturen faltan.
Iraitz Arriaranen entseguak nolabaiteko itxaropena piztu zuen sarrailagileen artean (27-17) baina hiru minutu beranduago etxekoen erantzuna iritsi zen, zutoinen artera bidalitako zigor kolpearen bitartez (30-17). Arauzko denbora amaitzear zela Ibai Irasuegik arrasatearren laugarren entsegua lortu zuen, Arriaranen transformazioarekin, baina, tamalez, ordurako beranduegi zen markagailua iraultzeko, eta epaileak partiduaren amaiera adierazi zuen 30-24koarekin.
Datorren asteburuan ez da liga jardunaldirik izango 1. mailako Euskal Ligan baina, bi asteburu barru, Julen Barrutiaren mutilek Atletiko San Sebastian hartuko dute Mojategin. Donostiarrak sailkapen zuloan murgilduta daude, eta Kanpanzar Arrasate garaipenaren bidera itzultzen ahaleginduko da.