2026/10/24 ISEI BARBERO | Argazkiak:  Mondraberri

Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek garaipen berri bat erdietsi dute, larunbat honetan, Mojategin, Uni Bilbo mendean hartuta. Bizkaitarren kontrako lehia parekatua izan da oso, halere, Julen Barrutiaren mutilek azkenean nagusitzea lortu dute, 33-31xeko emaitzarekin, Mojategira gerturatutako zaleen gozamenerako.

Norgehiagoka ezin hobeto hasi da Kanpanzar Arrasaterentzat, 10. minutua bete baino lehen 7-0 jarri baita aurretik Portaloren entsegu eta transformazio banarekin. Esan bezala, arrasatearren eta bilbotarren arteko partidua lehiatua izan da oso eta, testuinguru honetan, etxekoen pozak ez du luzaroan iraun, 20. minutua betetzear zela Uni Bilbok lehia berdindu baitu.

7-7koaren ostean, ordea, Kanpanzar Arrasate ez da kikildu eta, bi entsegu, bata bestearen segidan eginda, 21-7koa ezarri du markagailuan. Iraitz Arriaran eta Cristian izan dira egileak, Portaloren transformazio bikoitzarekin. Tamalez, atsedenaldira joan aurretik bisitarien susperraldia iritsi da eta, beste bi entsegu eginda, horietako bat transformatu barik, 21-19koarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.

Bigarren zatia ere emozio bizikoa izan da eta, laugarren minutua bete orduko, Maren Jimenezek lortutako entseguak arrasatearren errenta handitu egin du (26-19). 10 minutu eskasetara, baina, bilbotarren erantzuna iritsi da, 26-24koa ezarriz. Partidua amaitzeko zortzi minuturen faltan 26-31 aurretik jarri da Uni Bilbo baina, azken momentuan, Manexen entseguak eta Portaloren transformazioak denboraldiko hirugarren garaipena eman diote Kanpanzar Arrasateri (33-31), Mojategira gerturatutako zaleen gozamenerako.

Nesken erakustaldia Logroñon

Pasa den asteburuan Uribealdearen kontra San Roken lortutako garaipen erosoaren ostean, asteburu honetan Geurea RT-ko neskek erakustaldi berri bat eskaini dute. Joseba Zabalak zuzendutako taldea oraingo honetan Logroñora joan da eta, Errioxaren kontra jokatutako norgehiagokan, etxeko taldearen gainetik pasa dira. Azken emaitza 0-122 izan da konbinatu euskaldunaren alde.

Garaipen honekin, denboraldiko bigarrena, Geurea RT-k 10 puntu ditu jada patrikan, multzoko onenen artean kokatuta dagoela. Hurrengo asteburuan ez da liga jardunaldirik izango Emakumezkoen Euskal Ligan baina, bi aste barru, Uni Bilbo hartuko dute etxean Joseba Zabalaren neskek.