2024/1/14 | ISEI BARBERO / Argazkiak:  R. Santa Cristina

Ahazteko moduko asteburua izan da honako hau Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako ekipoentzat, emaitzei dagokionez, behintzat.  Biek ala biek hitzordu zailak zituzten eta, zoritxarrez, aurreikuspenak bete egin dira, alde handiagatik, gainera.  Julen Barrutiaren mutilek kategoriako lider Elorriori egin zioten bisita zapatu arratsaldean, eta esku hutsik bueltatu ziren 52-0 galdu eta gero.  Ordu batzuk lehenago nesken taldeak Altamiran lehiatu zuen, eta kasu honetan ere garaipena etxeko taldearentzat izan zen, Bera Bera/Ordizia konbinatuarentzat, 95-5ko emaitzarekin. 

AGT Arrasate/Eibar sorpresa emateko helburuarekin joan zen Ordiziara, bide batez, sailkapenean aurrerapauso berria emateko.  Zoritxarrez, etxeko taldeak etzien aukerarik eman Delgado eta Cuevasen neskei.  Partidua hasi eta berehala hartu zuen aurrea markagailuan Bera Bera/Ordiziak, eta bosgarren minuturako jada markagailuak 14-0 erakusten zuen.  Atsedenaldia heldu orduko partidua erabakita zengoen (59-0) eta, bigarren zatian Maren Garciak bisitarientzako ohorezko entsegua lortu bazuen ere, azken emaitza 95-5 izan zen.

Gauzak horrela, bederatzi jardunaldi jokatuta zazpigarrena da AGT Arrasate/Eibar, lau garaipenekin patrikan, 21 puntu dituela.  Datorren asteburuan ere hitzordu gogorra edukiko du konbinatu gipuzkoarrak, bosgarren sailkatu La Unicak bisitatuko baitu Mojategi.  Nafarrek 25 puntu dituzte eta bosgarren postuan dira.

Mutilen porrota

Neskak bezala, Julen Barrutiaren mutilak ere esku hutsik bueltatu ziren etxera zapatu arratsaldean.  Kategoriako liderrak ere etzion aukerarik eman Kanpanzar Arrasateri eta, atsedenaldirako jada etxekoak 24-0 ziren aurretik. Bigarren zatian, minutuak aurrera joan ahala abantaila handituz joan zen, amaierako 52-0ekora arte. Azpimarratu beharra dago, bigarren zatian, zenbait minututan bisitariak bi jokalari gutxiagorekin aritu zirela, epaileak Iraitz Arriaran eta Joseba Santa Cristina egotzi baitzituen txartel horia erakutsita “joko zikina egiteagatik”.  Lehenengo zatian ere Haritz Ezpeletak behinik behin zelaia utzi behar izan zuen epailearen aginduz, kasu honetan “behin eta berriz falta egiteagatik”.

Honenbestez, bigarren itzulia estreinatu berritan seigarren postuan da Kanpanzar Arrasate, 10 partiduetatik sei irabazita, eta orotara 26 puntu batuta.  Datorren asteburuan aurkari zuzenaren bisita izango dute Barrutiaren mutilek, puntu bat gutxiago duen Getxo etorriko baita Mojategira.  Gogoratu beharra dago, lehen itzulian, bizkaitarrak nagusitu zirela arrasatearren kontrako neurketan.

DSC_2293

0 comentarios

Deja una respuesta