ISEI BARBERO – Argazkiak: Artxiboa

Asteburu honetan Euskal Ligako 1. Mailako A multzoan bigarren itzulia jarriko da martxan eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak Iparralden arituko dira.  Julen Barrutiaren mutilek multzoko lider Sarako Izarra taldeari egingo diote bisita zapatuan, arratsaldeko 4etatik aurrera, eta bertatik zerbait positiboa ekartzea izango da erronka.

Denboraldiko bigarren faseko erdialdera helduta, multzoko hirugarren sailkatua da Kanpanzar Arrasate/Ordizia bost punturekin, jokatutako hiru partiduetatik bakarra irabazita. Zuri-moreen aurretik Durango dago puntu kopuru bikoitzarekin (10), eta Sarako Izarra liderrak 14 dauzka.  Sailkapena ixten duen Durangok, berriz, bi baino ez ditu.

Sarako Izarraren kontra, orain direla aste batzuk, Mojategin jokatutako partiduaren irudia.

Sarrailagileek Iparraldeko taldearen kontra hasi zuten bigarren fasea eta, itxura ona eskaini bazuten ere, amore eman behar izan zuten (20-34).  Bigarren jardunaldian, baina, jipoia eman zioten Gernikari etxean, basurdeen kontra 47-5 nagusituta.  Iragan asteburuan, ordea, berriro ere porrotaren zapore garratza dastatzea egokitu zitzaien Barrutiaren mutilei, garaipena eskuetatik gertu izan bazuten ere,  Arripausuetan, Durangoren kontra, 43-21 galdu baitzuten.

Testuinguru honetan, Sarara ezustekoa emateko asmoarekin joango da Kanpanzar Arrasate/Ordizia.  Esan bezala, Iparraldekoak multzoko liderrak dira, jokatutako partidu guztiak irabazi baitituzte.  Arrasate eta Ordiziako konbinatua mendean hartzeaz gain, Durangori ere egundoko jipoia eman zioten Arripausuetan (8-52), eta Gernikaren kontrakoan ere 21-30 nagusitu ziren Urbietan.

Infantilak etxean

Seniorrak ez bezala, Arrasate Errugbi Taldeko 16 urtez azpikoak etxean arituko dira.  Suinaga eta Delgadoren neska-mutilek Atletiko San Sebastianek eta Hernanik osatutako konbinatua hartuko dute zapatu goizean Mojategin, 10:00etatik aurrera.


0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *