Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek denboraldiko bigarren faseko aurreneko garaipena eskuratu dute, zapatu honetan, Altamiran, Gernika mendean hartuta.  Sarako Izarraren kontra merezitako baino zigor handiagoa jasota heltzen ziren lehia honetara Julen Barrutiaren mutilak, eta sailkapen faseko ligaskan Urbietan gertatutakoaren ostean, baita mendeku gosez ere.  Eta, gaurkoan, talde zuri-moreak bilatutako mendekua hartu du, 47-5 nagusitu baita.

Norgehiagoka berehala bideratu du Kanpanzar Arrasate/Ordiziak, 12. minutuan 22ko eremu inguruan irabazitako alboko sake baten ostean hartu baitute aurrea markagailuan etxekoek (7-0).  Lehen zatia, oro har, parekatua izan da, agian Barrutiaren mutilek bilatu dute gehiago bizkaitarren entsegu eremua.  Gauzak horrela, zuri-moreen ahaleginek merezitako saria jaso dute atsedenaldia ate-joka zela, Dolararen entseguarekin.  Honenbestez, 14-0ekoarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek aurreneko 40 minutuak agortuta.

Aldageletatik bueltan Kanpanzar Arrasate/Ordiziaren domeinua oraindik nabariagoa izan da, batez ere emaitza aldetik.  Bigarren zatia hasi eta berehala, aurreneko minutua bete baino lehen, ezker hegaletik egindako korrikaldiaren ostean etxekoen hirugarren entsegua heldu da.  Aurrekoetan ez bezala, oraingoan ez dute asmatu transformazioa gauzatzerako orduan, eta 19-0ekoa igo da markagailura.

Horrekin, baina, ez dira konformatu Barrutiaren mutilak, eta 10. minutua bete denean entsegu berri bat lortu eta 26-0ekoa egin dute.  Partidua amaitu baino lehen beste hiru entsegu lortu ditu Kanpanzar Arrasate/Ordiziak:  Zelai erdian irabazitako mele bate ostean egindako korrikaldi baten bitartez 20. mintuan bat, eskura ondo jokatuta eta bultzadetan nagusituz ordu erdia betetzean bigarrena, eta, hirugarrena, hiru minutu beranduago.

Aspalditik norgehiagoka erabakita zegoen, baino bisitarien erreakzioa lehia amaitzear zela heldu da, 39. mintuan, hain justu ere.  Gernikarrek markagailua nolabait txukundu dute neurketaren azken txanpan lortutako entseguarekin, baina transformazioa gauzatzerako orduan ez dute asmatu.  Honenbestez, arauzko 80 minutuak agortuta, Kanpanzar Arrasate/Ordizia nagusi 47-5eko emaitzarekin.

Hurrengo asteburuan ez dute hitzordurik izango Julen Barrutiaren mutilek, baina, 15 egun barru, aurkari gogorrari egingo diote aurre.  Izan ere, zuri-moreek multzoko liderrari egingo diote bisita, Durangori, hain justu ere.  Gaur Altamiran ikusitakoaren ostean, ezin da baztertu Arripausuetan ezustekorik egotea.

Categorías: Seniorrak

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *