ISEI BARBERO – Bideoa: Durango Rugby Taldea

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek ezin izan dute Durangotik garaipena ekarri, zenbait unetan ezustekoa emango zutela zirudien arren.  Julen Barrutiaren mutilek partidu ona jokatu zuten zapatu arratsaldean Arripausuetan, eta norgehiagoka amaitzeko 20 minuturen faltan 19-21 aurretik ziren markagailuan.  Partiduko azken txanpara, baina, etxekoak freskoago heldu ziren, eta azkenean 43-21 nagusitu ziren.

Norgehiagoka berehala jarri zitzaien alde Barrutiaren mutilei, bosgarren minutua bete orduko partiduko estreinaldiko entsegua lortu baitzuten.  Hasierako minutuetan bisitariek jokoan agindu bazuten ere, minutuak aurrera joan ahala Durango suspertzen joan zen, eta Kanpanzar Arrasate/Ordiziaren entsegu eremura gerturatzen hasi.  Gauzak horrela, ordu erdia bete aurretik berdinketa lortu zuten bizkaitarrek (7-7).

Oraindik ordu laurden baino zertxobait gutxiago falta zen lehenengo zatia amaitzeko, eta tarte horretan beste bi entsegu ikusi ahal izan ziren Arripausuetan.  Lehenik eta behin, arauzko denbora agortzeko zortzi minuturen faltan, aurrea hartu zuen berriro ere Kanpanzar Arrasate/Ordiziak (7-14).  Durangoren erantzuna, baina, berehala iritsi zen, handik bi minutura, hain justu ere.  Honenbestez, 14-14ko berdinketarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek.

Bigarren zatiaren azken txanpan ihes egin zion partiduak Kanpanzar Arrasate/Ordiziari.  Baloia jokoan jarri eta berehala hirugarren entsegua lortu zuen Durangok, oraingo honetan transformazioan huts eginda, eta 19-14koa markagailuan jarriz.  Euren senari eutsiz, baina, Barrutiaren mutilak ez ziren kikildu, eta bosgarren minutua betetzean aurrea hartu zuten berriro ere markagailuan, entsegua lortuta eta transformazioa gauzatuta (19-21).

Kanpanzar Arrasate/Ordizia gai izan zen hainbat minutuz errentari eusteko baina, zoritxarrez, partidua luze egin zitzaion eta horretaz baliatu ziren etxekoak markagailua irauli eta garaipena eskuratzeko.  Partiduko azken 20 minutuetan heldu zen etxekoen erreakzioa, amaierako 43-21eko emaitza markagailuan ezarri arte.

Porrot honen ostean erronka berri bat izango dute datorren asteburuan Julen Barrutiaren mutilek, Sarako Izarrari egingo baitiote bisita, bigarren itzuliko estreinaldiko jardunaldia izango denaren baitan.  Oraingo honetan ere aurkaria gogorra baldin bada ere, Durangon erakutsitako kemenari eutsiz gero, ezin da baztertu Iparraldetik zerbait positibo ekartzea.  Hiru partidu baino ez dira falta denboraldia amaitzeko eta, emaitzetatik baino harago, taldeak emandako aurrerapausoekin pozik egon beharra dago talde zuri-moreko entrenatzailea.


0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *