2023/11/19 | ISEI BARBERO / Argazkiak:  R. Santa Cristina

Arrasate Errugbi Taldeko seniorren bolada onak jarraipen izan du, asteburu honetan, garaipen berri bat lortu eta gero.  Oraingo honetan Julen Barrutiaren mutilek Errioxa hartu dute mendean, zapatu arratsaldean Mojategin jokatutako norgehiagokan.  Arrasatearrak aurretik joan ziren atsedenaldira eta, bigarren zati lehiatuaren ostean, azkenean 25-16 nagusitu ziren.

Bosgarren minuturako Kanpanzar Arrasate aurretik zen markagailuan, epaileak adierazitako zigor kolpearen ostean Arizaletak baloia zutoinen artera bidali eta gero.  Bost minutu beranduago Andoni Narbaizak arratsaldeko lehenengo entsegua lortu zuen eta, Arizaletak transformazioan asmatu eta gero, 10-0ekoa igo zen markagailura. 

DSC_1416

Oro har parekotasuna izan zen nagusi lehenengo zatian, eta Mojategira gerturatutako zaleek emaitza horrekin atsedenaldira joango zirela uste zutenean, Errioxaren erreakzioa etorri zen.  Bisitariek arauzko denbora agortzeko bi minuturen faltan entsegua lortu zuten eta, honenbestez, 10-7ko emaitzarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek.

Bigarren zatia hasi eta gutxira, zortzigarren minutuan, Abarrategik sarrailagileen bigarren entsegua lortu zuen.  Oraingoan ere Arizaletak ez zuen hutsik (17-7); arrasatearrek pozak, baina, etzuen luzaroan iraun.  Bost minutu beranduago Errioxak entsegu berri bat lortu zuen, markagailua berriro ere estutuz  (17-14).

Zorionez, handik gutxira Arizaletak berriro ere probetxua atera zion epaileak adierazitako zigor kolpe bati, 20-14koa markagailuan ezarriz.  Handik 10 minutura, bigarren zatiko ordu erdia betetzear zela, Iñaki Ormaetxeak etxekoen hirugarren entsegua lortu zuen.  25-14arekin lasaiago jokatzeko parada izan zuten Barrutiaren mutilek, eta gai izan ziren errentari eusteko epaileak partiduaren amaiera adierazi arte.

Beste emaitza batzuk

Seniorrek bezala, 18 eta 16 urtez azpikoek ere zapatuan jokatu zuten, biek ala biek Elorriorekin taldea partekatuz eta aurrean Txingudi/Bera Bera konbinatua eduki zutela.  Lehenengoak 10-33 nagusitu ziren; bigarrenek, aldiz, 36-12 galdu zuten.  Senior mailako nesken taldea ere esku hutsik etorri zen Getxotik, 32-17 galdu eta gero.


0 comentarios

Deja una respuesta