2023/11/19 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa
Arrasate Errugbi Taldeko neskek ezin izan diote azken asteetako bolada onari eutsi, eta asteburu honetan esku hutsik etorri dira Bizkaia aldetik. Erik Cuevas eta Asier Delgadok zuzendutako taldeak Getxori egin zion bisita zapatuan, eta Faduran ezin izan zuten hirugarren garaipena jarraian eskuratu. Azken emaitza 32-17 izan zen etxekoen alde.
Partidua berehala jarri zitzaion maldan gora AGT Arrasate/Eibarri, zazpigarren minuturako etxekoek hartu baitzuten aurrea markagailuan (7-0). Handik 10 minutu eskasetara, ordea, konbinatu gipuzkoarraren erreakzioa etorri zen, Irene Dolara kapitainaren entsegua eta Nut Moraren transformazioarekin (7-7).
Bisitarien pozak, baina, etzuen luzaroan iraun, hurrengo 10 minutuetan Getxok bi entsegu egin eta 17-7 jarri baitzen aurretik. AGT Arrasate/Eibarrek, ordea, etzuen amorerik eman, eta atsedenaldira joan aurretik entsegu berri bat egin, oraingo honetan Kattalin Otxoarena, eta 17-12ko emaitzarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeak.

Bigarren zatia hasi eta gutxira hartu zuten kolpe berri bat gipuzkoarrek, etxekoen entsegu berri batekin (22-12). Bost minutu beranduago Irene Dolarak bere kontu pertsonaleko bigarren entsegua lortu zuen, getxoztarren errenta berriro ere murriztuz (22-17). Partiduko azken txanpara, baina, bizkaitarrak freskoago iritsi ziren, eta azken ordu laurdenean lortutako bi entseguek amaierako 32-17koa ezarri zuten markagailuan.
Gauzak horrela, sei jardunaldi jokatuta bosgarrena da sailkapenean AGT Arrasate/Eibar, hiru garaipen eskuratuta patrika 16 puntu dituela. Datorren asteburuan garaipenaren bidera itzultzen ahaleginduko da konbinatu gipuzkoarra, Gaztedik egingo dion bisitan, hain justu ere.
Beste emaitza batzuk
Seniorrek bezala, 18 eta 16 urtez azpikoek ere zapatuan jokatu zuten, biek ala biek Elorriorekin taldea partekatuz eta aurrean Txingudi/Bera Bera konbinatua eduki zutela. Lehenengoak 10-33 nagusitu ziren; bigarrenek, aldiz, 36-12 galdu zuten. Senior mailako mutilek ere garaipena eskuratu dute, kasu honetan Errioxaren kontra Mojategin 25-16ko emaitzarekin.