2023/10/25 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa
Asteburu honetan Euskal Ligen jardunaldi berri bat jokatuko da, denboraldiko laugarrena eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko ekipo nagusiak etxetik kanpo arituko dira. AGT Arrasate/Eibarreko neskek Logroñoko Pradoviejo errugbi zelaian jokatuko dute zapatu goizean, 12:00etan, Errioxaren kontra. Kanpanzar Arrasateko mutilek, berriz, Iruñeari egingo diote bisita. Hitzordua egun berean izango da baina, kasu honetan, 16:00etan hasita.
Iragan asteburuan, Mojategin eta Menditarraken kontra, denboraldiko aurreneko garaipena lortu eta gero heltzen da nafarren kontrako lehiara Julen Barrutiak zuzendutako taldea. Hala eta guztiz ere, denboraldi hasiera kaskarraren ostean –aurreneko bi partiduak galdu zituzten-, sarrailagileek sailkapen zuloan jarraitzen dute, azken hirugarren postuan, lau punturekin baino ez.

Testuinguru honetan, Barrutiaren mutilentzat oso garrantzitsua izango da iragan asteko garaipenari jarraipena ematea, sailkapenean aurrera egiten jarraitze aldera. Kanpanzar Arrasatek bezala, Iruñeak ere ez du nahi bezalako ikasturte hasiera izan, orain arte jokatutako hiru partiduak galdu eta gero, puntuen kutxatxoa oraindik ez baitu estreinatu. Gauzak horrela, puntuen premia handia duten bi talde izango dira aurrez aurre UPNA errugbi zelaian zapatu arratsaldean.
Neskak Logroñon
Esan bezala, mutilen egun berean jokatuko dute AGT Arrasate/Eibarreko neskek, baina, kasu honetan, eguerdiko 12:00etan. Jokatutako hiru partiduetatik bat irabazi eta gero, konbinatu gipuzkoarra sailkapenaren erdialdean da, zortzigarren postuan sei punturekin, hain justu ere. Cuevas eta Delgadoren neskek ezin izan zuten garaipena eskuratu iragan asteburuan Txingudiren kontra, hala eta guztiz ere, irabaztetik gertu egon ziren.
Garaipenaren bidera itzultzeko hitzordu aproposa dirudi asteburu honetakoa AGT Arrasate/Eibarreko neskentzat, oraindik garaipenik eskuratu ez duen aurkaria edukiko baitute aurrean. Errioxak orain arte jokatutako hiru partiduak galdu ditu, eta bonusei esker urratutako bi puntuak baino ez ditu patrikan.
Gainontzeko partiduak
Zapatuan beste hiru hitzordu izango ditu Arrasate Errugbi Taldeak, hirurak goizean. 10:30ean 16 urtez azpikoek, Altamiran, Ordiziaren kontra neurtuko dituzte indarrak. Zertxobait beranduago, 12:00etan, leku eta aurkari beraren kontra lehiatuko dute 18 urtez azpikoek. Azkenik, 14 urtez azpikoek, Hernanin izango den teknifikazio saioan hartuko dute parte.
Igandeari begira, ohiko hitzorduak izango dira Mojategin: Errugbi Eskola eta Inklusibo taldeko neska-mutikoek asteroko entrenamendu saioa burutuko dute goizeko 10:30eatik aurrera.
0 comentarios