2023/10/23 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

AGT Arrasate/Eibarreko neskek ezin izan diote bolada onari jarraipena eman asteburu honetan, Unben, Txingudiren kontra galdu eta gero.  Konbinatu gipuzkoarrak zapatu goizean neurtu zituen indarrak Bidasoako taldearen kontra eta, ahalegindu baziren ere, azkenean puntuek Irunerako bidea hartu zuten.  Azken emaitza 28-43 izan zen bisitarien alde.

Norgehiagoka ezin hobeto hasi zen AGT Arrasate/Eibarrentzak, bigarren minuturako 7-0 baitziren aurretik Leiren Urkiak lortutako entsegua eta Nut Morak gauzatutako transformazioari esker.  10. minuturako, baina, Txingudik neurketa berdindu zuen.  7-7koarekin indarrak parekatuta egon ziren, ordu erdia igaro arte, orduantxe aurrea hartu baitzuten markagailuan bisitariek entsegu berri batekin (7-12). 

AGT Arrasate/Eibarreko neskak

Hortik aurrera, eta lehenengo zatia amaitu bitartean, neurketa gora-beheraz josita egon zen.  Arauzko denbora amaitzeko lau minuturen faltan AGT Arrasate/Eibarrek entsegu berri bat lortu zuen, kasu honetan Maialen Garciarena, eta Mora berriro ere eraginkor aritu zen baloia zutoinen artera bidaltzerako orduan.  Bazirudien atsedenaldira 14-12koarekin joango zirela bi taldeak baina, lehenengo zatiko azken txanpan, Txingudik entsegu berri bat lortu eta, transformazioa gauzatuta, 14-19koa ezarri zuen markagailuan.

Bigarren zatiaren hasiera ezin hobea izan zen konbinatu gipuzkoarrarentzat, hasierako zazpi minutuetan bi entsegu –Leire Urkia eta Irene Dolara kapitainarenak- eta beste horrenbeste transformazio gauzatuta –Nut Mora-, 28-19 jarri baitzen aurretik AGT Arrasate/Eibar.  Hortik aurrera, baina, etxekoen gainbehera etorri zen. 

Bigarren zatiko ordu laurdena betetzear zela, Txingudik bi entsegu egin zituen jarraian, markagailua berriro ere irauliz (28-31).  Horrek min handia egin zien etxekoei, eta denborarik gehiena partiduan sartuta egon baziren ere, azken hamar minutuetan bisitariek beste bi entsegu egin, transformazio bat barne, eta amaierako 28-43koa ezarri zuten markagailuan.

Hiru jardunaldi jokatuta zortzigarrena da sailkapenean AGT Arrasate/Eibar, garaipen bat lortuta, sei puntu dituela patrikan.  Konbinatu gipuzkoarra etxetik kanpo arituko da datorren astean, Errioxaren zelaian, hain justu ere.

Beste emaitza batzuk

Nesken salbuespenarekin, zapatukoa jardunaldi ezin hobea izan zen Arrasate Errugbi Taldeko ekipo guztientzat, denek lortu baitzuten garaipena.  Seniorrek arratsaldean Menditarrak eduki zuten bisitari Mojategin eta, oso estua izan zen neurketan, 22-19 nagusitu ziren.  18 eta 16 urtez azpikoek ere zapatuan jokatu zuten, biek La Unica aurkariaren kontra etxean, eta 24-0 eta 22-5 nagusitu ziren, hurrenez hurren.


0 comentarios

Deja una respuesta