2023/10/8 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa
Bigarren jardunaldian ere ezin izan dute denboraldiko aurreneko garaipena eskuratu Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek. Julen Barrutiak zuzentzen duen taldeak Getxori egin dio bisita domeka honetan eta, eguerdi partean Faduran jokatutako partiduan bisitariek markagailuan aurrea hartu badute ere, azkenean bizkaitarrak nagusitu dira 26-13ko emaitzarekin.
Esan bezala, lehenengo kolpea Kanpanzar Arrasatek eman du, bosgarren minutua bete baino lehen epaileak sarrailagileen aldeko zigor kolpea adierazi, eta Arizaletak etekin ezin hobea atera dio horri, baloia zutoinen artea bidalita 0-3 jarri baitu aurretik bere taldea. Arrasatearren pozak, baina, ez du luzaroan iraun, ordu laurdenerako Getxok entsegua egin eta markagailua irauli baitu.

5-3koarekin Kanpanzar Arrasatek aurrerapauso berri bat eman du eta, berriro ere zutoinen artera bidalitako zigor kolpe baten bitartez, 5-6koa igo da markagailura. Atsedenaldira joan aurretik, baina, etxekoek beste bi entsegu egin dituzte, biak transformatuz eta, honenbestez, 19-6ko emaitzarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.
Bigarren zatian indarrak parekatuago egon dira eta, 20. minutua betetzear zela, Getxok partiduko laugarren entsegua lortu du. Oraingo honetan ere bizkaitarrek ez dute barkatu transformazioa gauzatzerako orduan, ea 24-6koa igo da markagailura. 10 minutu beranduago Abarrategik Kanpanzar Arrasateren aurreneko entsegua lortu du, zerbait positibo urratzeko itxaropenak berpiztuz. Aurrerantzean Barrutiaren mutilak ahalegindu dira aurrerapauso berri bat ematen, baina etxekoek bikain defendatu dute errenta eta partidua 24-13koarekin amaitu da.
Gauzak horrela, Kanpanzar Arrasatek partidurik irabazi gabe jarraitzen du aurtengo denboraldian, eta hurrengo jardunaldian aukera berri bat izango du garaipenen kutxatxoa estreinatzeko. Datorren astean ez da partidurik jokatuko Euskal Ligako 1. Mailan baina, bi aste barru, BRT Menditarrak talde nafarrak bisitatuko du Mojategi.
Nesken garaipena
Asteburuko albiste pozgarria emakumezkoen taldearen eskuetatik etorri da, Nafarroatik garaipena ekarri baitu. Delgado eta Cuevasen neskek Iruñeari egin diote bisita, kasu honetan ere domeka eguerdian, eta 10-33 nagusitu dira. Garaipen honekin, eta bi partidu jokatuta, AGT Arrasate/Eibarrek sailkapenaren erdialdera egin du salto.
Bestetik, 18 eta 16 urtez azpiko taldeak Gernikan izan ziren domekan. Lehenengoek garaipena ekarri zuten etxera, 5-32 nagusituta. Bigarrenek, tamalez, amore eman behar izan zuten, 38-5 nagusitu baitzen etxeko taldea.
0 comentarios