2023/10/8 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Arrasate Errugbi Taldeko neskek ikasturteko aurreneko garaipena poltsikoratu dute asteburu honetan, domekan, Iruñean, 10-39 nagusitu eta gero.  Konbinatu gipuzkoarrak amore eman behar izan zuen orain dela astebete, Mojategin, Gaztediren kontra jokatutako estreinaldiko partiduan.   Domeka honetan, baina, gauzak nahi bezala irten, eta AGT Arrasate/Eibar nagusitu da Iruñearen kontra jokatutako norgehiagokan.

Partidua berehala jarri zaio maldan gora talde gipuzkoarrari, 3. minuturako etxekoak 5-0 jarri baitira  aurretik.  Handik gutxira, bosgarren minutua igaro eta berehala, Amaiurrek entsegua lortu eta markagailua berriro ere orekatu da (5-5).  Ordu laurdenerako beste bi entsegu eginak zituen AGT Arrasate/Eibarrek, kasu honetan Maialen Garcia eta Nut Morarenak.  25. Minutuan, baina, etxekoek beste entsegu bat lortu, eta 10-15ekoarekin  joan dira atsedenaldira bi taldeak.

Iragan astean, Mojategin, Gaztediren kontra jokatutako partidua.

Bigarren zatia hasi eta berehala errenta handitu du konbinatu gipuzkoarrak, Haizea Zabalaren entsegua eta Nut Moraren transformazioarekin. 10-22koarekin bisitariak erosoago aritu dira, garaipena bideratuta zutenaren jakitun.  Gauzak horrela, bigarren zatiko ordu erdia bete baino lehen beste bi entsegu lortu dituzte, Mora eta June Angulok egindakoak.  Jaurtitzaile arrasatearrak transformazioetako bat gauzatu du eta, honenbestez, 10-34koa igo da markagailura.  Eta partidua amaitzeko hiru minuturen faltan Amaiurrek gipuzkoarren festa biribildu du, bere kontu pertsonaleko bigarren entsegua lortuz eta markagailuan amaierako 10-39koa ezarriz.

Garaipen honekin AGT Arrasate/Eibarrek sailkapen erdialdera egin du salto, garaipenen kutxatxoa estreinatuz.  Gipuzkoarrek bi aste barru egingo dute salto berdegunera berriro ere, kasu honetan Txingudik Mojategira egingo duen bisitarekin.  Ea bolada onak jarraipena duen!

Beste emaitza batzuk

Neskek ez bezala, senior mailako mutilek ezin izan dute garaipena eskuratu asteburu honetan.  Julen Barrutiaren mutilek Getxori egin diote bisita domeka honetan eta, zoritxarrez, esku hutsik bueltatu dira Faduratik 26-13 galdu eta gero.

Bestetik, 18 eta 16 urtez azpiko taldeak Gernikan izan ziren domekan.  Lehenengoek garaipena ekarri zuten etxera, 5-32 nagusituta.  Bigarrenek, tamalez, amore eman behar izan zuten, 38-5 nagusitu baitzen etxeko taldea.


0 comentarios

Deja una respuesta