2023/10/5 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Iragan astean, txapelketa nagusien estreinaldiko jardunaldian jasotako porroten ostean, Arrasate Errugbi Taldeko ekipo nagusiek ikasturteko aurreneko garaipena bilatuko dute asteburu honetan.  Mutilek zein neskek etxetik kanpo jokatuko dute, eta biek ala biek domekan izango dute hitzordua, eguerdiko 12:00etan, hain justu ere.

Elorrioren kontra etxean amore eman eta gero, Julen Barrutiaren mutilek Getxori egingo diote bisita.  Bizkaitarrek bide onetik ekin diote 2023-2024 denboraldiari, aurreneko jardunaldian Atletiko San Sebastian 19-0 hartu baitzuten mendean Faduran.  Kanpanzar Arrasatek Elorrioren kontrako lehiari ondo ekin bazion ere, baina bigarren zatian fisikoki ahul sentitu ziren arrasatearrak.  Testuinguru honetan, partiduz partidu, sasoi puntua hartzea izango da erronka.

Mutilek bezala, neskek ere amore eman zuten pasa den astean Mojategin, kasu honetan Gaztediren kontra.  Delgado eta Cuevasen taldeari ez zitzaizkion gauzak nahi bezala atera gasteiztarren kontrako lehian, eta asteburu honetakoan joera hori aldatzen ahaleginduko dira eta, bide batez, garaipenen kutxatxoa estreinatzea bilatu.

Iragan denboraldian Baztanen jokatutako partidua.

Gainontzeko hitzorduak

Senior mailako taldeak ez bezala, harrobiko neska-mutikoak zapatuan arituko dira.  Zelaira salto egitean lehenak 16 urtez azpikoak izango dira, goizeko 10:00etatik aurrera Urbietako kiroldegian Gernika/Arratiko/Urgozo konbinatuari egingo baitiote aurre.  Zertxobait beranduago, 11:30ean, leku eta aurkari berdinarekin arituko dira 18 urtez azpikoak. 

Arratsaldean, berriz, 14 urtez azpikoen txanda izango da.  15:30ean hasita, Hernaniko Landare errugbi zelaian izango den topaketan hartuko dute parte.  Arrasatearrekin batera Hernani, Mutriku, Txingudi, Atletiko San Sebastian eta Eibar arituko dira nor baino nor.  Azkenik, inklusiboko taldeak entrenamendu saioa burutuko du igandean Mojategin, ohi bezala, 10:30ean hasita.


0 comentarios

Deja una respuesta