2023/10/2 | ISEI BARBERO / Argazkiak: Ricardo Santa Cristina

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek ez diote nahi bezala ekin 2023-2024 denboraldiari, buruhaustez betetako denboraldiaren ostean, zenbait lesio tarteko, porrota jaso baitute ikasturteko lehenengo neurketan.  Julen Barrutiaren mutilek Elorrio izan zuten bisitari Mojategin zapatu arratsaldean eta, lehenengo zatian markagailuan aurretik jarri baziren ere, garesti ordaindu zuten bigarren zatian izandako beherakada fisikoa.

Azkenean puntuek Mojategitik ihes egin bazuten ere, neurketa ezin hobeto hasi zen arrasatearrentzat, lehenengo minutua bete orduko 3-0 baitziren aurretik etxekoak Arizaletak zutoinen artera bidalitako zigor kolpeari esker.  Ordu laurdenerako, modu eta protagonista berdinarekin, Barrutiarekin mutilek errenta handitu zuten (6-0).  Hori gutxi balitz, ordu erdia bete baino lehen epaileak Kanpazar Arrasateren aldeko zigor entsegua adierazi zuen eta, honenbestez, 13-0ekoa igo zen markagailua. 

Bazirudien emaitzan horrekin joango zirela bi taldeak atsedenaldira baina, arauzko lehenengo 40 minutuak betetzear zirela, Elorriok entsegua egin eta berriro ere partiduan sartu zen.  Bizkaitarrek ez zuten hutsik egin transformazioa gauzatzerako orduan eta, modu honetan, 13-7koarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek.

Bigarren zatia ez zen nahi bezala hasi sarrailagileentzat, hirugarren minuturako bizkaitarrek markagailua iraulita baitzuten, entsegu eta transformazio berri bati esker (13-14).  Bigarren zatiko ordu laurdena betetzear zela Elorriok arratsaldeko hirugarren entsegua lortu zuen, oraingo honetan transformazioa ere zutoinen artera bidalita (13-21) eta, lau minutu beranduago, aurrerapauso berri bat eman zuten entsegu berri batekin.

DSC_0307

13-26koarekin Barrutiaren mutilek partiduak ihes egiten ziela ikusi zuten, eta horretaz eta fisikoki freskoago zeudelaz baliatu ziren bizkaitarrak errenta areagotzeko.  Elorriok beste hiru entsegu egin zituen, horietako bat transformatuz eta, honenbestez, 13-43koa igo zen markagailua. 

Ordurako partidua galduta zuen Kanpanzar Arrasatek baina, euren izaerari eutsiz, Barrutiaren mutilek azken unera arte borrokatzen jarraitu zuten eta, azken txanpan, merezitako saria jaso zuten.  Partidua amaitzear zela Iñaki Ormaetxeak entsegua egin eta, nolabait, azken emaitza txukundu zuen:  18-43.

Datorren asteburuan Getxon

Datorren asteburuan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek denboraldiko bigarren partidua jokatuko dute, oraingo honetan etxetik kanpo.  Barrutiaren mutilek Getxori egingo diote bisita igande goizean, eta Faduratik ikasturteko aurreneko garaipena ekartzen ahaleginduko dira.  Elorrio eta Getxorekin batera, Iruñea, Errioxa, Durango, Uni Bilbo, BRT Menditarrak, Atletiko San Sebastian eta Eibar izango dira sarrailagileen aurkari aurtengo denboraldian.

Asteburuko emaitzak

Senor mailako mutilekin batera, asteburu honetan ere neskek estreinatu dute denboraldia, hala nola 18 zein 16 urtez azpikoek.  Mutilek bezala, neskek ere amore eman zuten domekan, kasu honetan Gaztediren kontra Mojategin (0-36).  Asteburuko garaipenak, berriz, gaztetxoek ekarri dituzte.  18 urtez azpikoek mendean hartu zuten Durango 48-12ko emaitzarekin eta, emozioz beteriko neurketan, 16 urtez azpikoek markagailua irauli eta 52-40 irabazi zuten, kasu honetan ere Durangoren kontra.


0 comentarios

Deja una respuesta