2023/4/2 | ISEI BARBERO / Argazkiak: Ramon Barrutia

Irribarretsu amaitu dute 2022-2023 denboraldiko bigarren fasea Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek, zapatuan Uni Bilbori irabazita, multzoko lidergoa eskuratu baitute ikasturteko azken jardunaldian.  Aurreikuspenak betez, El Fango errugbi zelaian jokatutako partiduan indarrak parekatuta egon ziren, batez ere bigarren zatian, baina talde arrasatearra eraginkorrago aritu zen, azkenean 29-34 nagusituz.

Norgehiagokako lehenengo kolpea etxeko taldeak eman zuen, 10. minutua bete baino lehen lortutako entseguarekin.  Kanpanzar Arrasateren erreakzioa, baina, berehala iritsi zen, Dolarak lortutako entsegua eta Arizaletak gauzatutako transformazioaren bitartez markagailua irauli baitzuten bisitariek (5-7). 

Lehenengo zatiko ekuatorera helduta, Barrutiaren mutilek errenta handitu zuten, oraingo honetan Suinagaren entsegua eta, berriro ere, Arizaletaren transformazioarekin (5-14).  Bost minutu beranduago Salaberrik talde arrasatearraren hirugarren entsegua lortu zuen, jaurtitzaile zuri-morearen eraginkortasuna lagun 5-21ekoa markagailura igo zela. 

Lehenengo zatia amaitzeko bost minuturen faltan, epaileak Kanpanzar Arrasateren alde adierazitako zigor kolpea aprobetxatuz,  Arizaletak berriro ere baloia zutoinen aldera bidali zuen.  Eta markagailuak 5-24koa erakusten zuela, epaileak Uni Bilboren zigor entsegua adierazi, eta 12-24koarekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira arauzkoa aurreneko 40 minutuak agortuta.

Emozioa atsedenaldi ostean

Lehenengo zatian ez bezala, bigarrenean lehenengo kolpea Kanpanzar Arrasatek eman zuen, Ibai Irasuegiren entsegua eta Abarrategik gauzatutako transformazioari esker. 12-31koarekin bazirudien Barrutiaren mutilek garaipena bideratuta zutela baina, une horretan, bilbotarren susperraldia iritsi zen.  20. minutua igarota Uni Bilbok arratsaldeko bigarren entsegua lortu zuen (17-31) eta, hamar minutu beranduago, epaileak etxekoen alde adierazitako zigor entsegu berri batek emozioa eraman zuen berriro ere El Fangoko berdegunera.

Markagailuak 22-31 erakusten zuen eta, lehia amaitzeko bost minuturen faltan, Uni Bilbok entsegu berri bat lortu eta 27-31koa ezarri zuen markagailuan.  Oraindik edozer gauza gerta zitekeen baina, azken unean, Iñaki Ormaetxeak zigor ostikoa zutoinen artera bidali eta bigarren fase honetako zazpigarren garaipena eta lidergoa bermatu zuen Kanpanzar Arrasaterentzat.

Porrot bakarra jaso dute bigarren fase honetan Barrutiaren mutilek, estreinaldiko jardunaldian Baztanen jokatutako partiduan.  Gauzak horrela, zuri-moreek lehen postuan amaitu dute ligaska 34 punturekin, euren borrero BRT Menditarrakekiko bi puntuko abantailarekin.  Uni Bilbo hirugarrena izan da 22 punturekin eta, azken bi postuetan, Atletiko San Sebastianek eta Zornotzakok amaitu dute 18 eta hiru punturekin, hurrenez hurren.

Esan bezala, asteburu honetakoa azken partidu ofiziala izan da Barrutiaren mutilentzat; entrenatzaile zuri-moreak, baina, entrenatzen jarraituko dutela baieztatu du:  “Momentuz, zazpinako errugbia praktikatzen jarraituko dugu, kontrako kasuan etenaldia luzeegi bailitzateke datorren denboraldira arte”.  Euskal Ligak amaitzean zazpinako errugbi txapelketa ugari egoten dira inguruan eta “asmoa horietako bateren baten parte hartzea” dela baieztatzen du Barrutiak.  Aurten Arrasaten horrelako txapelketarik antolatuko ote den galdetuta, teknikari zuri-moreak dio “horren inguruan zerbait hitz egin badugu ere, oraindik erabakirik ez dugu hartu”.

Beste emaitza batzuk

Seniorrek Bilbon jokatutako partiduaz gain, Arrasate Errugbi Taldeak beste bi hitzordu izan zituen zapatuan, biak Mojategin.  Goizeko 10:00etan 16 urtez azpikoek Eibarri egin zioten aurre, 27-24 nagusituz.  Jarraian, 18 urtez azpikoek denboraldiko azken partidua jokatu zuten Uribealdearen kontra eta, gutxieneko aldeagatik izan bazen ere, 22-21 nagusituz agurtu zuten ikasturtea zaleen aurrean. 

Jokatutako 12 partiduetatik bost irabazita, hirugarren postuan amaitu dute denboraldia Arrasate Errugbi Taldeko 18 urtez azpikoek 28 punturekin.  Multzoko liderra Zarautz izan da 51ekin; azken sailkatua, aldiz, Iruñea, bederatzi puntu poltsikoratu dituena. 


0 comentarios

Deja una respuesta