2022/10/14 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Iragan asteburuan Liga txapelketa berdinketa batekin estreinatu ostean, 29-29 berdindu zuten Mojategin Durangoren kontra, asteburu honetan etxetik kanpo aritzea egokituko zaie Arrasate Errugbi Taldeko seniorrei.  Julen Barrutiak zuzentzen duen taldeak Elorriori egingo dio bisita zapatuan, 17:00etatik aurrera, eta bertan denboraldiko aurreneko garaipena bilatuko dute. 

Betidanik lehiakortasun handiko lehiak izan dira bizkaitarren kontrakoak eta, oraingo honetan ere, ziur asko Elorriora gerturatzen direnek partidu erakargarria ikusteko parada izango dutela.  Elorriok orain arte jokatutako bi partiduak irabazi ditu, aurrenekoa Uni Bilboren kontra etxean eta, iragan astekoa, Baztanen, BRT Menditarraken kontra jokatutakoa. 

Gogoratu beharra dago Kanpanzar Arrasatek partidu bakarra jokatu duela, aurreneko jardunaldikoa, Getxon jokatu beharrekoa, atzeratzea adostu baitzuten bi taldeek.  Honenbestez, Barrutiaren mutilek garaipenen kutxatxoa estreinatzea bilatuko dute zapatuan Elorrion.

Neskak Mojategin

Mutilek ez bezala, AGT Arrasate/Eibarreko neskek zaleen aurrean jokatuko dute, Durangok bisitatuko baitu Mojategi zapatu goizean, 11:30eatik aurrera.  Delgado eta Cuevasen neskek orain direla 15 egun jokatuko zuten denboraldiko aurreneko neurketa, eta Iruñeatik esku hutsik etorri ziren La Unicaren kontra 67-0 galdu eta gero. 

Talde eratu berria izanda, aurretik elkarren artean ezagutzen ez diren jokalariekin osatutakoa –Mutrikukoak barne-, AGT Arrasate/Eibarrek taldea sendotzen jarraitzea bilatuko du asteburu honetan ere eta, garaipena eskuratuta baldin bada, hobe.  Konbinatu gipuzkoarrak bezala, Durangok ere porrotarekin estreinatu du denboraldia, Arripausuetatik puntuak eraman baitzituen estreinaldiko jardunaldian Bera Berak (0-27).  Testuinguru honetan, ikasturteko aurreneko garaipena egongo da jokoan Mojategin zapatuan.

Kartelera

Seniorrek eta neskek bezala, 18, 16 eta 14 urtez azpikoek ere zapatuan jokatuko dute.  Lehenengo biek Zarautzi egingo diote bisita, goizeko 11:15 eta 10:00etan, hurrenez hurren.  14 urtez azpiko zenbait jokalarik, berriz, Gipuzkoako Selekzioak Hondarribian antolatutako entrenamenduan hartuko dute parte 11:00etatik aurrera.

Igandean, aldiz, Errugbi Eskolako neska-mutikoak Eibarrera joango dira eta, 10:30ean hasita, bertan izango den topaketan hartuko dute parte Eibar, Gaztedi eta Bera Bera B taldeekin batera.  Ohi bezala, eta ordu berean, inklusiboko taldeak asteroko entrenamendua burutuko du Mojategin.  Azkenik, Gipuzkoako Selekzioaren deia jaso duten 18, 16 eta 14 urtez azpiko neskek Plaiaundin izango den entrenamenduan hartuko dute parte 11:00etan.


0 comentarios

Deja una respuesta