ISEI BARBERO / Argazkiak: R. Santa Cristina
Asteburu honetan 2022-2023 denboraldiari ekin diote Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek –Liga iragan asteburuan jarri zen martxan, baina Elorrion jokatu beharreko partidua atzeratzea adostu zuten bi aurkariek- eta, domekan Mojategin, Durangoren kontra jokatutako estreinaldiko norgehiagokan puntuen banaketa izan zen (29-29).
Aurreikusten zen bezala, indarrak parekatuta izan ziren Kanpanzar Arrasate eta Durangoren artekoan, halere, partidua berehala jarri zitzaion alde etxeko taldeari. Hirugarren minutua bete orduko Julen Barrutiak zuzendutako taldeak aurrea hartu zuen markagailuan Salaberrik lortutako entseguari esker. Horrekin konformatu ez, eta ordu laurden beranduago etxekoak jada 14-0 zihoazten aurretik Ander Hickeyk egindako entsegu berri bati esker eta Iraitz Arriaranek zutoinen artera bidalitako transformazioetan erakutsitako eraginkortasunarekin.
Tamalez, bigarren entsegu horrek Durango suspertu zuen, eta 20. minutua bete orduko etxekoen errenta murriztu zuen (14-5). Atsedenaldira joan aurretik, baina, epaileak arrasatearren alde adierazitako zigor-kolpeari etekin ezin hobea atera zion Arriaranek, zutoinen artera baloia bidali eta 17-5ekoa igo zen markagailua. Ondoren Durangok entsegu berri bat egin zuen, eta 17-10ekoarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.
Bigarren zatiari lehenengoa amaitu bezala ekin zion Kanpanzar Arrasatek, zutoinen artera bidalitako zigor-ostikoarekin, hain justu ere. Kasu honetan jaurtitzailea Abarrategi izan zen, eta lehenengo zatian Arriaranek egin bezala, ez zuen hutsik egin. 20-10ekoarekin partidua maldan gora zuen Durangok, eta hamargarren minutua bete baino lehen eguerdiko hirugarren entsegua lortu zuten bisitariek (20-17), markagailua estutuz.
Talde zuri-morea oraindik aurretik zen markagailuan, eta zenbait minutuz errentari eusteko gai izan zen. Bigarren zatiko 20. minutua bete orduko, baina, Durangok entsegu berri bat egin, oraingoan ere transformazioan kale egin gabe, eta 20-24 jarri zen aurretik. Zigor-ostiko berri batekin Kanpanzar Arrasatek 23-24koa jarri zuen markagailuan eta, modu berdinean, aurrea hartu zuen berriro ere (26-25).
Norgehiagoka amaitzeko bost minuturen faltan, baina, Durangok entsegu berri bat eta garaipena dastatzen hasi zen (26-29). Barrutiaren mutilek, ordea, ez zuten amorerik eman, eta neurketaren hondarrean zigor kolpe berri bat zutoinen artera bidali eta amaierako 29-29ekoa ezarri zuten markagailuan.

0 comentarios