ISEI BARBERO / Argazkiak: Olatz Orokieta

Arrasate Errugbi Taldeko neskek ezin izan dute denboraldia garaipenarekin estreinatu eta, zapatuan, esku hutsik etorri ziren Iruñeatik.  Asier Delgado eta Erik Cuevasek zuzendutako taldeak, Eibarreko neskekin partekatutakoa, La Unicari egin zion bisita, eta nafarrak jaun eta jabe izan ziren, azken emaitzak erakusten duen moduan:  67-0.

Gogotsu zelairatu zen konbinatu gipuzkoarra lehenengo zatian, eta hainbat unetan etxekoen entsegu eremura ere gerturatu zen.  Zoritxarrez, baina, La Unicak askoz ere eskarmentu handiagoa erakutsi zuen, baita eraginkortasuna ere, eta atsedenaldira 33-0eko emaitzarekin joan ziren.

Bigarren zatian Arrasate eta Eibarreko neskak hobeto aritu ziren, baina hainbat unetan agerian geratu zen talde hasiberria dela.  Gauzak horrela, eta nahiz eta bisitariek amorerik eman ez, etxekoek lehenengo zatiko errenta handitu egin zuten, amaierako 67-0ekora arte.

Esan bezala, honako hau denboraldiko aurreneko neurketa izan da AGT Arrasaterentzat.  Hurrengo asteburuan ez da jardunaldirik izango, eta Cuevas eta Delgadoren neskek bi aste barru jokatuko dute hurrengo partidua, oraingo honetan zaleen aurrean, bigarren jardunaldian Durangok bisitatuko baitu Mojategi.

Categorías: Emakumezkoak

0 comentarios

Deja una respuesta