ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Asteburu honetan Euskal Ligako 1. Mailako bigarren jardunaldia jokatuko da eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Sarako Izarrari egingo diote bisita.  Estreinaldiko jardunaldian Bera Bera etxean 66-7ko emaitzarekin mendean hartu eta gero, Julen Barrutiaren mutilak kategoriako lehen sailkatuak dira eta, modu honetan, Iparralden lidergoa defendatzea egokituko zaie.

Onenen artean egoera deituta dagoen taldea baldin bada ere, Sarako Izarrak ez dio nahi bezala ekin ikasturte berriari, estreinaldiko jardunaldian amore eman behar izan baitzuen Elorrioren zelaian (33-14).  Modu honetan, Iparraldekoek oraindik ez dute punturik urratu, eta azken hirugarrenak dira sailkapenean, Txingudi, Uni Bilbo eta Bera Berarekin berdinduta.

Testuinguru honetan, iragan astekoa kasualitatea ez zela izan erakusteko aukera du asteburu honetan Kanpanzar Arrasatek eta, bide batez, lidergoari eusteko.  Izan ere, bosna puntura berdinduta sarrailagileekin beste hiru talde daude:  La Unica, Atletiko San Sebastian eta Elorrio.  Bosgarren sailkatu Errioxak lau puntu ditu; bere atzetik dagoen Durangok, berriz, bakarra.  Saratik garaipena ekarriz gero, zeresan handia emango luke Kanpanzar Arrasateren liga hasierak.

Bera Beraren kontrako partidu amaieran hartutako irudia (Argazkia: Ricardo Santa Cristina).

Lehen garaipenaren bila

Mutilek ez bezala, emakumezkoen taldeak ez du nahi bezala hasi bere ibilbidea Euskal Ligan, iragan zapatuan La Unicak puntuak eraman baitzituen Mojategitik (12-33).  Jokalari gehienak errugbiaren munduan hasiberriak izateaz gain, kontuan eduki beharra dago, baita ere, aurten Ordiziarekin batera taldea partekatzea egokitu zaiela, beraz pazientzia edukitzea ezinbestekoa izango da.

Pasa den asteburuko porrotaren ostean azken sailkatuak dira Kanpanzar Arrasate/Ordiziako neskak eta, modu honetan, denboraldiko aurreneko puntuak bilatuko dituzte Uni Bilboren zelaian.  Bizkaitarrak egoera berean daude, aurreneko jardunaldian Gaztediren zelaian 37-25 galdu baitzuten.  Testuinguru honetan, El Fangoko lehian indarrak parekatuta egotea aurreikusten da.

Jardunaldi bakarra jokatuta multzoko liderra La Unica da bost punturekin, eta puntu bat gutxiago dute Gaztedik eta Hernanik.  Uni Bilbo eta Kanpanzar Arrasate/Ordiziarekin batera, sailkapen zuloan eta punturik gabe, Bera Bera dago.

Kanpanzar Arrasate/Ordiziako neskek ezin izan zuten La Unica garaitu (Argazkia: Ricardo Santa Cristina)

Kartelera

Arrasate Errugbi Taldeko gainontzeko ekipoei dagokionez, 16 urtez azpikoek ere zapatuan egingo dute salto berdegunera, kasu honetan eguerdiko 12:00etatik aurrera Plaiaundin eta Txingudiren kontra.  Gaztetxoenen txanda, berriz, igande goizean izango da:  14 azpikoek Gasteizeko Gamarra errugbi zelaian izango den topaketan hartuko dute parte, eta Errugbi Eskolakoak Landaren (Hernani) arituko dira.


0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *