ISEI BARBERO / Argazkiak: Ricardo Santa Cristina

Domeka honetan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek 2021-2022 denboraldiari ekin diote, eta estreinaldia ezin hobea izan da, etxea garaipen erosoa eskuratuz amaitu baitute aurreneko partidua.  Julen Barrutiaren mutilek eguerdi partean Bera Bera hartu zuten Mojategin eta, neurketa hasieratik bideratuz, azkenean 66-7ko emaitzarekin nagusitu ziren.

Modu honetan, eta partidu bakarra jokatu ez bada ere, sarrailagileak sailkapen buruko taldeen artean daude jada.  Hurrengo asteburuan froga gogorragoa izango du Kanpanzar Arrasatek, onenen artean egotera deituta dagoen aurkariaren kontra neurtuko baitituzte indarrak Iparralden, Sarako Izarraren zelaian, hain justu ere.

Nesken porrota

Mutilek ez bezala, nesken taldeak burumakur ekin dio aurtengo ibilbideari.  Ordiziarekin taldea partekatuz, Arrasate Errugbi Taldeko neskek La Unica hartu zuten etxean zapatu arratsaldean, eta emaitza 13-31 izan zen bisitarien alde.  Mutilek bezala, honako hauek ere etxetik kanpo arituko dira datorren asteburuan, Uni Bilbori egingo baitiote aurre El Fango errugbi zelaian.

Klubeko gainontzeko ekipoei dagokionez, 16 urtez azpikoek amore eman behar izan dute etxean Durangoren kontra, 19-57ko emaitzarekin.  14 urtez azpikoek, berriz, zazpinako txapelketa jokatu zuten zapatuan ere eta, Zuzendaritzatik aditzera eman dutenez, jardunaldia “zoragarria” izan zen.


0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *