2024/10/15 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa

Asteburu honetan Euskal Ligako 1. mailako hirugarren jardunaldia jokatuko da eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek Durangori egingo diote bisita. Norgehiagoka zapatu eguerdian jokatuko da, Arripausuetan, 12:00etan hasita, eta bertan Julen Barrutiak zuzendutako taldeak denboraldiko bigarren garaipena bilatuko du.

Iragan asteburuan Donostiatik esku hutsik etorri eta gero heltzen da Durangoren kontrako lehiara Kanpanzar Arrasate. Sarrailagileek 24-15 galdu zuten Anoetako mini-estadioan, eta une honetan zortzigarrenak dira sailkapenean lau punturekin, estreinaldiko jardunaldian Baztanen lortutakoak.

Durangok, berriz, oraindik garaipenik eskuratu gabe bisitatuko du Mojategi. Estreinaldiko jardunaldian atsedenaldia egokitu zitzaien bizkaitarrei eta, pasa den astean, 24-28 galdu zuten Arripausuetan Baztanen kontra. Testuinguru honetan, puntu bakarrarekin bederatzigarren da Durango eta, Mojategitik garaipena eskuratuz gero, Kanpanzar Arrasate aurreratuko luke sailkapenean.

Orain direla bi urte Durangoren kontra Mojaegin jokatutako partidua.

Neskak Bilbora

Mutilek bezala, AGT Arrasate/Eibarreko neskek ere etxetik kanpo jokatuko dute asteburu honetan, Bilbon, hain justu ere. Pasa den asteburuan liga txapelketa porrotarekin estreinatu eta gero, 26-38 galdu zuten Unben Txingudiren kontra, ikasturteko lehenengo garaipena bilatuko dute El Fangoko errugbi zelaian. Norgehiagoka zapatu eguerdian jokatuko da baita ere, baina kasu honetan 14:30ean hasita.

Esan beharra dago honako hau lehenengo partidua izango dela Uni Bilborentzat, iragan asteburuan Elorrion jokatu beharrekoa atzeratu egin baitzuten. Uni Bilbo, Txingudi eta Elorriorekin batera Gaztedi, Errioxa eta Durango izango dira AGT Arrasate/Eibarren lehiakideak Euskal Ligako B multzoan.

Harrobia

Senior mailako taldeek bezala, 14 urtez azpikoek ere zapatuan izango dute hitzordua, goizeko 10:30ean Lakuan, hain justu ere. Bertan hiruko txapelketa jokatuko dute Bera Bera eta Gaztedirekin batera. 18 eta 16 urtez azpikoek, berriz, atseden jardunaldia izango dute.

Ohi bezala, igandean Errugbi Eskola eta Inklusiboko neska-mutikoen txanda izango da. Lehenengoek Altamiran izango den topaketan hartuko dute parte, 10:30ean hasita, Ordizia, La Unica eta Txingudi/Oreretarekin batera; bigarrenek, berriz, entrenamendu saioa burutuko dute 11:00etatik aurrera Garagartzan.