2024/10/13 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Arrasate Errugbi Taldeko neskek ez dute nahi bezala hasi ikasturtea, 2024-2025 denboraldiko estreinaldiko jardunaldian porrota jaso baitute. Cuevas eta Delgadok zuzendutako taldeak Txingudi hartu du Unben domeka honetan eta, gorabehera handiko partiduan, bisitariak nagusitu dira azkenean 26-38ko emaitzarekin.

Partidua hasi eta 10. minutua bete baino lehen, lehia maldan gora jarri zaio konbinatu gipuzkoarrari, Txingudik lortutako entseguari esker. Etxekoen susperraldia, zorionez, berehala iritsi da, handik hiru minututara Sofia Konderen entseguak eta Lierni Anduagaren transformazioak markagailua irauli egin baitute (7-5).

Hori gutxi ez, eta ordu erdia bete baino lehen Malen Esparzak etxekoen bigarrena egin du, berriro ere Anduagaren eraginkortasunarekin transformazioa gauzatzerako orduan. Eta 10 minutu beranduago, bi protagonista berdinek 21-5ekoa eraman dute markagailura. Bazirudien emaitza horrekin amaituko zela lehenengo zatia baina, arauzko denbora agortzeko bost minutu baino gutxiagoren faltan, bisitariek entsegua egin eta 21-12koarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek.

AGT Arrasate/Eibarreko neskak gaur, domeka, Eibarren.

Bigarren zatia hasi eta gutxira irundarrek entsegu berri bat egin eta 21-19koa ezarri dute. Hurrengo minutuetan indarrak parekatuta egon dira eta, ordu laurdena bete baino lehen, AGT Arrasate/Eibarreko Eider Luengo arrasatearrak entsegu berri bat egin eta etxekoen aldea berriro ere handitu egin du (26-19).

Emaitza horrekin, eta partidua amaitzeko 25 minuturen faltan, konbinatu gipuzkoarrak dena alde zuen denboraldiko lehenengo garaipena eskuratzeko. Zoritxarrez, Delgado eta Cuevasen neskak ez dira nahi bezain fresko heldu partiduaren azken txanpara, eta horri etekin ezin hobea atera dio Txingudik.

Ordu laurdenaren faltan bisitariek entsegua egin eta, transformazioan asmatuta, berdinketa jarri dute berriro ere markagailuan (26-26). Horrekin konformatu ez, eta partidua amaitu baino lehen beste bi entsegu lortu dituzte, horietako bat transformatuz, amaierako 26-38koa markagailua ezarriz.

Mutilek ere porrota

Neskek bezala, senior mailako mutilek ere ezin izan dute garaipena eskuratu. Barrutiak zuzendutako taldeak Bera Berari egin dio bisita, eta donostiarrak nagusitu dira 24-15eko emaitzarekin. Aitzitik, 16 eta 18 urtez azpikoek euren partiduak irabazi dituzte Iruñearen kontra, 7-0 eta 29-21, hurrenez hurren.