2024/1/30 | ISEI BARBERO / Argazkiak:  artxiboa

Astebeteko etenaldiaren ostean, iragan asteburuan atsedenaldia izan zen emakumezkoen Euskal Ligan, zapatu honetan Arrasate Errugbi Taldeko neskek txapelketa ofizialari berrekingo diote.  Asier Delgado eta Erik Cuevasek zuzendutako taldea Elorriora joango da eta, eguerdiko 13:00eatik aurrera, San Txismekoek Urgozorekin batera partekatutako taldearen kontra neurtuko dituzte indarrak.

Asteburu honetakoa denboraldiko 12 jardunaldia izango da AGT Arrasate/Eibarreko neskentzat eta, ligako ekuatorea ate-joka denean, konbinatu gipuzkoarra bederatzigarrena da sailkapenean 21 punturekin, jokatutako 10 partiduetatik lau irabazita.  Gipuzkoarrek 2024. urtean oraindik ez dute garaipenik eskuratu, hortaz, joera horrekin amaitzea bilatuko dute San Txismen.

Elorrion aurkituko duten taldea antzerako egoeran dago, 24 punturekin zazpigarrena baita Elorrio/Urgozo, gipuzkoarrekiko hiru puntuko abantaila baino ez duela.  Bizkaitarrek bost garaipen poltsikoratu dituzte orain arte eta, testuinguru honetan, garaipenak balio bikoitza izango du bi taldeentzat.

AGT Arrasate/Eibarreko neskak Mutrikun.

Mutilak atsedenaldia

Iragan asteburuan neskek atsedenaldia izan bazuten, oraingo honetan mutilen txanda izango da.  Gabonen ostean jokatutako hiru partiduak galdu eta gero, azken biak –Getxo eta BRT Menditarraken konrakoak- gutxieneko aldeagatik, ziur asko etenaldi honek mesede egingo diola Kanpanzar Arrasateri, jasotako atsekabeak ahaztu eta indarberritze aldera.

Azken porrotek sailkapen zulora eraman dute talde zuri-morea, 12 jardunaldi jokatuta azken laugarrena dela.  Sarrailagileek 28 puntu dituzte patrikan eta, zorionez, azken bi postuak urrun dituzte oraindik.  Azkenaurreko sailkatu Eibarrek 12 ditu eta, sailkapena ixten duen Iruñeak, berriz, bakarra baino ez.

Barrutiaren mutilek datorren astean berrekingo diote ligari, oraindik garaipenik eskuratu ez duen Iruñeak Mojategira egingo duen bisitarekin, hain justu ere.  Gauzak horrela, aukera paregabea izango da nafarren kontrakoa garaipenaren bidera itzuli eta sentsazio positiboak berreskuratzeko.  Arrasatearrek beste bost partidu jokatuko dituzte liga amaitu bitartean.