2024/1/28 | ISEI BARBERO / Argazkiak:  Ramon Barrutia

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak esku hutsik etorri dira Nafarroa aldetik, Baztanen, BRT Menditarrak taldearen kontra, 30-27 galdu eta gero.  Aurreikusten zen bezala, gipuzkoarren eta nafarren arteko lehia parekatua izan zen oso, eta gutxi falta izan zitzaien bisitariei markagailua irauli eta zerbait positibo urratzeko.  Zoritxarrez, garaipena baztandarrentzat izan zen, eta Julen Barrutiaren mutilek partidurik irabazi gabe jarraitzen dute estreinatu berri dugun 2024. urte honetan.

Norgehiagoka berehala jarri zitzaion alde Kanpanzar Arrasateri, hirugarren minuturako Ibai Portalok probetxu ezin hobea atera baitzion epaileak adierazitako zigor kolpeari, baloia zutoinen artera bidalita.  Arrasatearrek etziren 0-3koarekin konformatu, eta handik gutxira Enaitz Solabarrietak zuri-moreen aurreneko entsegua egin zuen, Portalok berriro ere baloia zutoinen artera bidaliz transformazioa gauzatzerako orduan.

Markagailuak 0-10ekoa erakusten zuela iritsi zen etxekoen susperraldia, partiduko ordu laurdena igaro eta gero.  Baztandarrek bi baloi bidali zituzten zutoinen artera (6-10) eta, ordu erdia bete baino lehen, bi entsegu egin zituzten, horietako bat transformatuz eta markagailua irauliz (18-10).

Lehen zatia amaitzeko bost minuturen faltan, baina, bisitarien erantzuna etorri zen, Ander Hickeyren entsegua eta, berriro ere, Portaloren transformazioarekin.  Bazirudien 18-17koarekin hartuko zutela aldageletarako bidea bi taldeek, baina azken hitza nafarrek izan zuten, atsedenaldia ate-joka zela entsegu berri bat egin eta 25-17ko emaitzarekin amaitu zen lehenengo zatia.

Aldageletatik bueltan, bosgarren minutua bete baino lehen, Portalok baloi berri bat bidali zuen zutoinen artera, etxekoen errenta murriztuz (25-20).  Sarrailagileek eskura zuten partiduari buelta ematea baina, hamar minutu beranduago, etxekoek entsegu berri bat egin eta 30-20koa ezarri zuten.

25 minutu falta ziren partidua amaitzeko, eta Barrutiaren mutilek itxaropena oraindik izan bazuten, horregatik, euren izaerari eutsiz, gogor borrokatzen jarraitu zuten.  Eta egindako lanak bere fruituak ekarri zituen, arauzko denbora amaitzeko bi minuturen faltan Asier Delgadok bisitarien hirugarren entsegua egin baitzuen, berriro ere Portaloren eraginkortasunarekin baloia zutoinen artera bidaltzerako orduan. 

Markagailuak 30-28koa erakusten zuen baina, tamalez, beranduegi zen jada partiduari buelta emateko, emaitza horrekin adierazi baitzuen epaileak amaiera.

Pirolitikak Valladolizen

Senior mailako mutilena ez da izan asteburuko hitzordu bakarra izan, amen taldea, Pirolitikak, Valladoliden izan baitziren zapatuan.  Ordezkaritza arrasatearrak Pepe Rojo errugbi zelaian izandako lagunarteko torneoan hartu zuen parte, beste bost talderekin batera:  Lamiak UBR, Madreñez, Tigresas, Osas eta Wondervrac.  Horrelakoetan ohikoa den moduan, gutxienekoa emaitzak izan ziren, giro ona eta adiskidetasuna izan baitziren nagusi.

Beste hitzorduei dagokionez, 18 urtez azpikoek 29-24 galdu zuten Uribealdearen zelaian jokatutako partiduan.  Seniorrei gertatu bezala, Elorriorekin taldea partekatzen duten gazte arrasatearrei gutxi falta izan zitzaien zerbait positiboa urratzeko.


0 comentarios

Deja una respuesta