2023/11/24 | ISEI BARBERO / Argazkiak:  artxiboa

Asteburua ate-joka dugu eta, honekin batera, hitzorduz betetako jardunaldia Arrasate Errugbi Taldeko ekipo ezberdinentzat.  Senior mailako mutil zein neskek zapatuan jokatuko dute:  lehenengoak Unbeko berdegunera (Eibar) egingo dute salto 15:00etan;  bigarrenek, aldiz, Gaztedi hartuko dute etxean 12:00etan, kasu honetan Mutrikuko San Migel zelaian jokatuko den partiduan.

Iragan asteburuan Getxon jasotako porrotaren ostean garaipenaren bidera itzultzen ahaleginduko dira AGT Arrasate/Eibarreko  neskak.  Aurrean edukiko duten aurkaria, Gaztedi 12, azken laugarrena da sei punturekin.  Gasteiztarrek partidu bakarra irabazi dute orain arte jokatutako bost norgehiagoketan, gauzak horrela, aurkari aproposa dirudi iragan asteburuko estropezua ahaztu eta berriro ere garaipenaren zaporea dastatzeko.

Delgado eta Cuvasen neskak denboraldi txukuna ari dira egiten, orain arte jokatutako sei partiduetan hiru garaipen poltsikoratu baitituzte.  Konbinatu gipuzkoarrak 16 puntu ditu patrikan eta aurretik beste lau talde baino ez dauzka:  Bera Bera/Ordizia (18), Uni Bilbo (21), Durango (25) eta Gaztedi liderra (29).

Mutilak Eibarrera

Neskak ez bezala, Kanpanzar Arrasateko mutilak bolada ezin hobean murgilduta dabiltza.  Aurreneko bi partiduak galdu zituztenetik, jardunaldiak garaipen gisa zenbatzen dituzte.  Honezkero talde arrasatearra seigarren sailkatua da 18 punturekin, norgehiagoka guztiak irabazi dituen Elorrio liderretik zortzi puntura.

Sarrailagileek azkenaurreko sailkatuari egingo diote bisita, sei jardunalditan garaipen bakarra eskuratuta bost puntu baino ez baititu Eibarrek.  Gauzak horrela, faborito gisa zelairatuko da Unbeko berdegunera Kanpanzar Arrasate.  Hala eta guztiz ere, Barrutiaren mutilek tentu handiz ekin beharko diote armaginen kontrako lehiari, aurreko jardunaldietan egin zuten bezala, baldin eta ez badute nahi ezustekorik hartu.

Kartelera

Gainontzeko hitzorduei dagokionez, 14 urtez azpikoek ere zapatuan lehiatuko dute, kasu honetan goizeko 10:30etan Iruñean izango den topaketan.  Arrasatearrekin batera Iruñea eta Hernani/Atletiko San Sebastian arituko dira nor baino nor.    18 eta 16 urtez azpikoek atsedenaldia izango dute eta, igandean, Errugbi Eskola eta Inklusiboko neska-mutikoek asteroko entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin (10:30).


0 comentarios

Deja una respuesta