2023/11/14 | ISEI BARBERO / Argazkiak:  Artxiboa

Astebeteko etenaldiaren ostean Arrasate Errugbi Taldeko ekipo nagusiek liga txapelketari berrekingo diote asteburu honetan eta, senior mailako gizonezkoen Euskal Ligako seigarren jardunaldiaren baitan, Errioxa izango da bisitari Mojategin.  Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da, 16:30ean hasita, eta bertan Julen Barruatiaren mutilek azken asteetako bolada onari eustea bilatuko dute.

Bost jardunaldi jokatuta seigarrena da Kanpanzar Arrasate 14 punturekin, hiru garaipen eskuratu eta gero.  liga hasiera kaskarraren ostean –aurreneko bi partiduak galdu zituzten Elorrio eta Getxoren kontra- sarrailagileek azken hiru partiduak irabazi dituzte eta, horri esker, sailkapen zulotik atera dute burua.  Testuinguru honetan, aurrerapauso berri bat ematea izango da erronka asteburu honetan.

Barrutiaren mutilek aurrean edukiko duten taldeak, baina, ez die gauzak erraz jarriko arrasatearrei.  Izan ere, Errioxak partidu bakarra galdu du orain arte, Elorrio liderraren kontra etxean jokatutakoa, eta bigarrena da sailkapenean 19 punturekin.  Gauzak horrela, eta sailkapen buruan parekotasuna dela nagusi aintzat hartuta –Errioxa eta Kanpanzar Arrasateren artean bost puntuko aldea baino ez dago-, urrearen balioa izango du zapatu honetan puntuak Mojategin geratzeak.

Neskak Getxora

Mutilak bezala, senior mailako neskak ere astebeteko atsedenalditik datoz, baina kasu honetan etxetik kanpo berrekingo diote liga txapelketari.  Cuevas eta Delgadok zuzendutako taldea Fadurara joango da zapatuan eta, eguerdiko 12:00etatik aurrera, Getxori egingo dio aurre.

AGT Arrasate/Eibarrek hiru partidu irabazi ditu orain arte jokatutako bost jardunaldietan, eta 16 punturekin laugarren sailkatua da, hirugarren sailkatu Uni Bilborekin batera berdinduta.  Bigarren postuan Durango dago 20 punturekin; Gaztedi liderrak, aldiz, 24 dauzka.  Konbinatu gipuzkoarraren atzetik Bera Bera/Ordizia, La Unica eta Txingudi daude 13, 12 eta 11 punturekin, hurrenez hurren.

AGT Arrasate/Eibarrek asteburu honetan izango duen aurkaria zertxobait beherago dago, zortzigarren sailkatua baita 10 punturekin.  Getxoztarrek  bi partidu irabazi dituzte orain arte, azken biak, egungo azken bi sailkatu Iruñea eta Errioxaren kontra jokatutakoak, hain justu ere.

AGT Arrasate/Eibarreko neskak, iragan denboraldian Bilbon jokatutako partiduan.

Kartelera

Arrasate Errugbi Taldeko gainontzeko ekipoei dagokionez, zapatuan, goiztiarrenak 14 urtez azpikoak izango dira, lagunarteko partidua jokatuko baitute -Eibarrekin batera taldea partekatuta- 10:30ean Plaiaundin Txingudiren kontra. Bestetik, Elorrioarekin batera aritzen diren 16 eta 18 urtez azpikoek Donostian izango dute hitzordua, 13:00 eta 14:30ean, hurrenez hurren, Txingudik eta Bera Berak osatutako konbinatuaren kontra.

Azkenik, domekan, Errugbi Eskolako 10 eta 12 urtez azpiko neska-mutikoak Gasteizera joango dira eta, 10:30eatik aurrera, Lakuan izango den topaketan hartuko dute parte. Arrasatearrekin batera Gaztedi, Zarautz, Iruñea eta Sara arituko dira nor baino nor.


0 comentarios

Deja una respuesta