2023/10/17 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Astebeteko etenaldiaren ostean errugbia itzuliko da berdegunetara asteburu honetan eta, Arrasate Errugbi Taldearen kasuan, bi ekipo nagusiek etxean jokatuko dute.  AGT Arrasate/Eibarreko neskek  Txingudi izango dute bisitari Unben, goizeko 11:30eatik aurrera.  Kanpanzar Arrasateko mutilek, berriz, BRT Menditarrak talde nafarrari egingo diote aurre, Mojategin, 16:30eatik aurrera. 

Iruñean ikasturteko aurreneko garaipena eskuratu eta gero heltzen dira denboraldiko hirugarren hitzordu honetara AGT Arrasate/Eibarreko neskak, bolada onari jarraipena emateko asmoarekin.  Orain arte jokatutako bi partiduak galdu ditu Txingudik, testuinguru honetan, konbinatu gipuzkoarra izango da faborito zapatuko hitzorduari begira.  Delgado eta Cuevasen neskak une honetan seigarrenak dira sailkapenean bost punturekin, sailkapen buruan dauden La Unica eta Gazteditik bost puntura, hain justu ere.

Neskak baino ordu batzuk beranduago, 16:30ean, mutilak izango dira berdegunera salto egingo dutenak, kasu honetan Mojategin.  Julen Barrutiak zuzendutako taldeak oraindik ez du garaipenik eskuratu aurtengo denboraldian, gauzak horrela, norabide negatibo hori iraultzen ahaleginduko da, jarraitzaileen hauspoa bidelagun.  Arrasatearren aurkariak denboraldi hasiera ezin hobea egin du, jokatutako bi partiduak irabazita egungo bigarren sailkatua baita 10 punturekin.  Arrasatearrak, aldiz, azken hirugarrenak dira, puntuen kutxatxoa oraindik estreinatu ez dutela.

Neskek denboraldiko bigarren garaipena bilatuko dute.

Beste partiduak

Zapatuan Arrasate Errugbi Taldeak beste hiru hitzordu izango ditu, hirurak goizean.  18 urtez azpikoek, Elorriorekin batera, La Unica hartuko dute Mojategin 12:00etatik aurrera.  Zertxobait, lehenago, 10:30ean, 16 urtez azpikoak taldekide eta aurkari berdinarekin arituko dira, kasu honetan ere Mojategin.  Azkenik, 14 urtez azpikoek Txingudi, Iruñea eta La Unicarekin batera izango den topaketan hartuko dute parte. 

Azkenik, Errugbi Eskolako neska-mutilak Mutrikun arituko dira domeka goizeko, San Migel zelaian, hain justu ere.  Goizeko 10:00etan hasita, bertan izango den topaketan hartuko dute parte.  Arrasatearren aurkariak Mutriku, Eibar, Zarautz, Txingudi eta Soraluze izango dira.


0 comentarios

Deja una respuesta