2023/3/29 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Asteburu honetan Euskal Ligako 1. Mailako bigarren fasearen azken jardunaldia jokatuko da eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak Bilbora joango dira.  Julen Barrutiak zuzentzen duen taldeak El Fangon jokatuko du zapatuan, 17:30ean hasita, Uni Bilboren kontra, eta bertan ikasturtea garaipen batekin amaitzea bilatuko du, bide batez, ikasturtea multzoko lider moduan agurtzeko.

Ligaska amaitzeko jardunaldi bakarraren faltan Kanpanzar Arrasate bigarren sailkatua da 29 punturekin, orain arte jokatutako zazpi partiduetatik bakarra galdu duela, egungo lider BRT Menditarraken kontra Baztanen jokatutakoa, hain justu ere.  Nafarrek hiru puntuko abantaila dute sarrailagileekiko eta, asteburu honetan atsedenaldia dutela aintzat hartuta, Barrutiaren mutilei nahikoa zaie Bilbotik garaipena ekartzea ligaska lidergoan amaitzeko.

Uni Bilboren kontra, Mojategin, aurtengo denboraldian jokatutako partiduetako bat.

Bilbon, baina, ez du edonolako aurkariarekin topo egingo Kanpanzar Arrasatek, Uni Bilbo zuri-moreen atzean baitago sailkapenean bederatzi puntu gutxiagorekin.  Bilbotarrek hiru porrot jaso dituzte bigarren fase honetan, sailkapenean aurretik dituzten bi taldeen kontra –BRT Menditarrak eta Kanpanzar Arrasate- jokatutako partiduetan.  Testuinguru honetan, eta aurreikuspenak beteko balira, Kanpanzar Arrasatek bere multzoko lidergoan amaituko luke denboraldia.

Esan bezala, asteburu honetakoa azken partidu ofiziala izango da Barrutiaren mutilentzat; entrenatzaile zuri-moreak, baina, entrenatzen jarraituko dutela baieztatu du:  “Momentuz, zazpinako errugbia praktikatzen jarraituko dugu, kontrako kasuan etenaldia luzeegi bailitzateke datorren denboraldira arte”.  Euskal Ligak amaitzean zazpinako errugbi txapelketa ugari egoten dira inguruan eta “asmoa horietako bateren baten parte hartzea” dela baieztatzen du Barrutiak.  Aurten Arrasaten horrelako txapelketarik antolatuko ote den galdetuta, teknikari zuri-moreak dio “horren inguruan zerbait hitz egin badugu ere, oraindik erabakirik ez dugu hartu”.

Kartelera

Seniorrenaz gain, Arrasate Errugbi Taldeak beste hitzordu parea izango du zapatuan.  Goizeko 10:00etan, Mojategin, 16 urtez azpikoek Eibarri egingo diote aurre.  Hauen ostean, 11:30ean, leku berean, 18 urtez azpikoek denboraldiko azken partidua jokatuko dute Uribealdearen kontra.  Azkenik, domekan, eta ohi bezala, Errugbi Eskolako 10 eta 12 urtez azpikoek zein inklusiboko taldeak entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin 10:30ean hasita.


0 comentarios

Deja una respuesta