2023/3/5 | ISEI BARBERO / Argazkiak: @AtleticossR
Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak bolada onean murgilduta daude, eta hori berriro ere agerian geratu da asteburu honetan. Barrutiaren mutilak Donostiara joan ziren zapatuan eta, arratsaldeko 16:00etatik aurrera, Atletiko San Sebastiani egin zioten aurre. Donostiarrak azkenaurreko sailkatuak izanik, talde zuri-morea zen faborito lehia honetarako eta, zorionez, aurreikuspenak bete egin ziren. Azken emaitza 17-22 izan zen bisitarien alde eta, modu honetan, matematikoki ez bada ere birtualki mailari eutsi dio Kanpanzar Arrasatek liga txapelketa amaitzeko hiru jardunaldiren faltan.
Partidua hasi eta berehala jarri ziren aurretik sarrailagileak, hirugarren minutuan Portalok zutoinen artera bidalitako zigor kolpeari esker. Ordu laurden beranduago, 20. minutuan, Portalok berak entsegua egin eta, transformazioa gauzatuta, 0-10ekoa jarri zuen markagailuan. Jarraian etxekoen erreakzioa etorri zen, entsegu berri baten bitartez berriro ere partiduan sartu baitziren (7-10).
Lehen zatiko ordu erdia betetzean, baina, Abarrategik lortutako entseguak eta Portalok gauzatutako transformazioak berriro ere bisitarien errenta handitu zuten. Bazirudien 7-17koarekin joango zirela atsedenaldira bi taldeak baina, lehen zatia amaitzeko bost minuturen faltan eta epaileak adierazitako zigor kolpe baten ostean, Atletiko San Sebastianek baloia zutoinen artera bidali eta 10-17koarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek.
Bigarren zatian indarrak orekatuago egon ziren, eta ordu laurdena bete arte etzen markagailua mugitu, kasu honetan Danel Argoitiak lortutako entseguaren bitartez (10-22). Hamar minutu beranduago epaileak Atletiko San Sebastianen aldeko zigor entsegua adierazi zuen eta, honenbestez, 17-22koa igo zen markagailura. Oraindik ordu laurden baino zertxobait gehiago falta zen partidua amaitzeko, baina Barrutiaren mutilak kapazak izan ziren errentari eutsi eta bigarren fase honetako bosgarren garaipena etxera ekartzeko.
Zazpi jardunaldi jokatuta bigarren sailkatua da Kanpanzar Arrasate, Baztan liderretik hiru puntura baino ez dagoela. Arrasatearren atzetik, 10 puntu gutxiagorekin, Uni Bilbo dago. Azken bi sailkatuak Atletiko San Sebastian eta Zornotzako dira, 8 eta 3 punturekin, hurrenez hurren. Une honetan bizkaitarrek galduko lukete kategoria; Donostiarrak, aldiz, promozioa jokatzera behartuta egongo lirateke. Matematikoki mailari eustea ziurtatuta ez baldin badauka ere, asko okertu beharko lirateke gauzak Kanpanzar Arrasate beste urtebetez Euskal Ligako 1. Mailan ez egoteko.
Nesken porrota
Mutilek bezala, AGT Arrasate/Eibarreko neskek ere aurkari donostiarra eduki dute aurrean asteburu honetan, Bera Beraren kontra neurtu baitzituzten indarrak zapatu eguerdian Donostian. Azken bi partiduak jarraian irabazita heltzen zen denboraldiko azkenaurreko hitzordura konbinatu gipuzkoarra baina, zoritxarrez, donostiarrak argi eta garbi utzi zuten zergatik diren egungo liderrak. Azken emaitza 41-0 izan zen etxekoen alde.
Bi jardunaldi baino ez dira falta emakumezkoen Euskal Liga amaierara heltzeko, eta datorren asteburuko jardunaldian AGT Arrasate/Eibarreko neskek atsedenaldia edukiko dute. Denboraldiko azken norgehiagoka bi aste barru jokatuko du konbinatu gipuzkoarrak, Bizkaia aldean Uni Bilboren kontra, hain justu ere. AGT Arrasate/Eibarrek sailkapeneko azkenaurreko postuan jarraitzen du bederatzi punturekin, azken sailkatu Hernanirekiko bi puntuko abantaila duela.
Beste emaitza batzuk
Harrobiko taldeei dagokionez, 18 urtez azpikoek Iruñea hartu dute Mutrikuko San Migel zelaian asteburu honetan, eta 68-17 nagusitu dira. 16 urtez azpikoek ez dute suerte berdina izan, eta 55-36 galdu dute Unben Eibarri egindako bisitan.



0 comentarios