2023/2/12 | ISEI BARBERO / Argazkiak: Ricardo Santa Cristina
Urrearen balioa duten puntuak eskuratu dituzte Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek, zapatuan, Mojategin,Uni Bilbo garaituta. Julen Barrutiak zuzentzen duen taldeak, denboraldiko partidurik biribilenetakoa eginez, 43-12 nagusitu zen, Mojategira gerturatutako zaleen gozamenerako. Modu honetan, talde zuri-moreak Bilbokoa aurreratu du sailkapenean eta, honezkero, bigarrena da, mailari eusteko borrokan aurrerapauso nabarmena emanez.
Norgehiagoka ezin hobeto hasi zen Kanpanzar Arrasaterentzat, ordu laurdena bete orduko 13-0 baitzen aurretik Dolararen entsegua eta Arizaletak zutoinen artera bidalitako zigor kolpe pareari esker. Lehenengo zatiko ordu erdia bete baino lehen, baina, bilbotarrek entsegua egin eta arrasatearren abantaila murriztu egin zuten (13-7).
Zorionez, etxekoen erantzuna berehala iritsi zen, hasierako protagonista berdinekin: Dolararen entsegua eta Arizaletaren transformazioa. Bisitariek, ordea, etzuten amore eman, eta entsegu berri batek Uni Bilbo berriro ere partiduan sarrarazi zuen. Honenbestez, arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta 20-12ko emaitzarekin joan ziren aldageletara bi taldeak.

Bigarren zatia hasi eta berehala kolpe berri bat eman zuen Kanpanzar Arrasatek, oraingo honetan Beñat Salaberriren entseguarekin. 25-12koarekin Barrutiaren mutilek partidua bideratuta zuten jada, baina etziren erlaxatu. Aitzitik, Arizaletaren zigor kolpe berri batek 28-12koa jarri zuen markagailuan eta, jaurtitzaile zuri-more beraren entseguak 33-12koa partidua amaitzeko ordu laurdenaren faltan. Azken minutuetan Andonik Narbaizak lortutako entsegu parea arratsaldea biribildu zuten Mojategin, amaierako 43-12koa markagailuan ezarriz.
Esan bezala, garaipen honekin bigarrena da jada Kanpanzar Arrasate, hamabosna puntura berdinduta BRT Menditarrak liderrarekin. Atzetik, hiru puntu gutxiagorekin, Uni Bilbo dago. Sailkapena Atletiko San Sebastian eta Zornotzakok ixten dute, hiru eta bi punturekin, hurrenez hurren.
Beste emaitza batzuk
Seniorrez gain, Arrasate Errugbi Taldeko beste bi ekipok egin zuten salto berdegunera zapatuan: 16 eta 18 urtez azpikoek. Lehenengoek Iruñea hartu zuten Mojategin, eta 29-42 galu zuten; bigarrenek ere amore eman behar izan zuten, kasu honetan Zarautzi egindako bisitan (69-0).
0 comentarios