2022/12/6 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa
Iragan asteburuan etxean kategoriako lider Elorrioren kontra galdu eta gero, larunbat honetan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek aukera berri bat izango dute denboraldiko aurreneko garaipena eskuratzeko. Julen Barrutiak zuzentzen duen taldea Bizkaia aldera joango da eta, 14:00eatik aurrera, Uni Bilbori egingo dio aurre El Fango errugbi zelaian, Bilbon.
Jokatutako zazpi partiduetatik bi berdinduta, sei punturekin egungo azken sailkatua da Kanpanzar Arrasate. Norgehiagoka batzuetan irabazteko merituak egin baditu ere, talde arrasatearrak aurten oraindik ez du garaipenaren zaporea dastatu. Testuinguru honetan, joera hori zuzentzen ahaleginduko dira Barrutiaren mutilak Bilbon, sailkapen fasea amaitzeko azken hirugarren partidua izango dena.

Uni Bilbo egungo laugarren sailkatua da, orain arte jokatutako zortzi jardunaldietan bi garaipen eta berdinketa bat eskuratuta. Bizkaitarrek 14 puntu dituzte patrikan, azkenaurreko sailkatu BRT Menditarrakek baino hiru gehiago. El Fangoko taldearen aurretik Durango dago 24 punturekin, bigarren sailkatu Getxok 30 eskuratu ditu eta, norgehiagoka guztiak irabazi dituen Elorrio liderra, 39rekin dago.
Testuinguru honetan, momentuz nahiko argi dago denboraldiaren bigarren zatian igoera fasea eta jaitsiera saihesteagatik borrokatuko duten taldeak zeintzuk izango diren; dena den, oraindik sorpresaren bat edo beste egon daiteke. Asteburu honetakoaz gain, Kanpanzar Arrasatek beste bi partidu jokatuko ditu sailkapen faea amaitu bitartean: azken jardunaldian BRT Menditarrakek Mojategi bisitatuko du eta, honetaz gain, sarrailagileak Getxora joan beharko dira, bere garaian atzeratutako partidua jokatzera.
Kartelera
Zapatuan Arrasate Errugbi Taldeak beste bi hitzordu izango ditu, biak Iruñean. Bertan 16 eta 18 urtez azpiko taldeek lehiatuko dute Iruñearen kontra, goizeko 11:00ak eta 12:15ean, hurenez hurren. Igandean, bestetik, Errugbi Eskolako 12 eta 10 urtez azpikoek eta inklusioko neska-mutikoek entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin, ohi bezala, 10:30ean hasita.
0 comentarios