2022/12/4 | ISEI BARBERO / Argazkiak: Ricardo Santa Cristina
Aurreikuspenak bete egin dira eta kategoriako lider, Elorrio, nagusitu egin da egungo azken sailkatuaren zelaian. Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak eta bizkaitarrak aurrez aurre izan ziren Mojategin zapatu arratsaldean, eta bisitariek aurtengo denboraldia biribiltzen jarraitu zuten. Azken emaitza 5-31 izan zen Elorrioren alde eta, modu honetan, Julen Barrutiaren mutilek partidurik irabazi gabe jarraitzen dute aurtengo ikasturtean.
Neurketa berehala jarri zitzaion maldan gora Kanpanzar Arrasateri, hamargarren minutua bete baino lehen Elorriok arratsaldeko lehenengo entsegua egin eta 0-5 aurreratu baitzen. Barrutiaren mutilak, baina, ez ziren kikildu, eta berehala orekatu zuten berriro ere markagailua Oihan Irasuegik lortutako entseguaren bitartez (5-5). Etxekoen pozak, baina, ez zuen luzaroan iraun, 20. minuturako Elorriok entsegu berri bat egin, oraingo honetan transformazioan asmatuz, eta berriro ere aurretik jarri baitzen (5-12). Atsedenaldira joan aurretik bizkaitarrek beste tanto bat lortu zuten eta, modu honetan, 5-17ko emaitzarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek.
Bigarren zatian Elorrio errentari eusteko gai izan zen, baita handitzeko ere. 25. minutura arte ez zen markagailua mugitu baina, bost minutuko tartean, bisitariek bi entsegu egin, beste horrenbeste transformazio gauzatuz, eta partidua erabakia utzi zuten. Barrutiaren mutilek borrokatzen jarraitu zuten azken unera arte baina, beste behin, egindako lanak ez zuen saririk ekarri. Azken unean Elorrioko jokalari batek min hartu, eta anbulantziak eraman behar izan zuen Mojategitik. Une horretan, markagailuak 5-31 erakusten zuela, adierazi zuen norgehiagokaren amaiera epaileak.
Neurketa honen ostean beste bi partidu izango ditu aurretik Kanpanzar Arrasatek sailkapen fasea amaitu bitartean, tartean estreinaldiko jardunaldian Getxon jokatu behar zuena eta bi taldeek atzeratzea adostu zutena, oraindik jokatzeko datarik ez duena. Beste neurketan, BRT Menditarrakek bisitatuko du Mojategi. Bi partidu horiek jokatu eta gero, behin sailkapen fasea amaituta, jakingo du Kanpanzar Arrasatek kategoriaz igo eta mailari eusteagatik borrokatuko ote duen denboraldiko bigarren fasean.

0 comentarios