2022/11/19 | ISEI BARBERO / Argazkiak: Igor Otadui

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek porrot berri bat jaso dute, oraingo honetan Durangori egindako bisitan.  Bizkaitarrek eta gipuzkoarrek elkarren artean neurtu dituzte indarrak zapatu arratsalde honetan Arripausuetan eta, markagailuak hainbat gorabehera izan dituen neurketan, azkenean etxeko taldea nagusitu da 37-18ko emaitzarekin.

Lehenengo kolpea Durangok eman du, entsegua egin ostean transformazioa gauzatuta, 7-0 aurreratu baita.  Arauzko aurreneko 40 minutuetan Julen Barrutiaren mutilak gai izan dira zutoinen artera zigor kolpe bat bidaltzeko (Abarrategi), baina hori ez da nahikoa izan.  Aitzitik, etxekoek beste entsegu bat egin dute atsedenaldira joan aurretik eta, berriro ere transformazioan asmatuz, 14-3koarekin hartu dute atsedenaldirako bidea bi taldeek.

Bigarren zatian markagailuari buelta emateko asmo irmoarekin zelairatu da Kanpanzar Arrasate eta, hein handi batean, lortu du.  Hasierako minutuetan Durangok zutoinen artera zigor kolpe bat bidali duen bitartean, Kanpanzar Arrasatek arratsaldeko lehenengo entsegua egin du Portaloren bitartez (17-8).  Barrutiaren mutilek beste urrats parea eman dute, zutoinen artera bidalitako zigor kolpea (Aritzaleta) eta Salaberrik egindako entseguaren bitartez, transformazioa barne; Horri esker, aurrea hartu dute (17-18).

Bisitarien pozak, baina, ez du luzaroan iraun, eta zigor kolpe berri baten bitartez Durangok berriro ere aurrea hartu du (20-18).  Kolpe hori gogorregia izan da Kanpanzar Arrasaterentzat, eta horretaz baliatu dira etxekoak entsegu berri bat egin eta partidua bideratuta uzteko (27-18).  Hori gutxi balitz, bizkaitarrek 30-18koa ezarri dute markagailuan zigor kolpe berri baten bitartez, eta norgehiagokaren azken txanpan arratsaldea biribildu dute beste entsegu batekin.  Norgehiagoka amaierara arte ahalegindu dira Barrutiaren mutilak baina, beste behin, egindako lanak ez du saririk ekarri.

Gauzak horrela, porrot berri bat Arrasate Errugbi Taldeko seniorrentzat, eta arrasatearrek sailkapen zulotik irten ezinik jarraitzen dute.  Datorren asteburuan atsedenaldia izango da Euskal Ligako 1. Mailan, eta hurrengo jardunaldia abenduaren 4ko astebururako deituta dago, denboraldiko zortzigarren.  Bertan, Barrutiaren mutilek Elorrio liderra hartuko dute Mojategin.

16 urtez azpikoen garaipena

Seniorrek ez bezala, 16 urtez azpikoek garaipena eskuratu dute asteburu honetan, “meritu handikoa” euren entrenatzailearen hitzetan.  Sarrailagileek goizean Elorrio hartu dute Mojategin eta,  partidu “oso borrokatu eta gogorraren ostean”, 27-24 nagusitu dira.


0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *