2022/11/16 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Asteburu honetan Euskal Ligako 1. Mailako zazpigarren jardunaldia jokatuko da eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Durangori egingo diote bisita.  Barrutiaren mutilek oraindik ez dakite zer den irabaztea aurtengo denboraldian, gauzak horrela, azken asteetako joera negatiboa eten eta ikasturteko aurreneko garaipena etxera ekartzen ahaleginduko dira.  Norgehiagoka Arripausuetan jokatuko da zapatuan, 16:00etan hasita.

Bi berdinketa baino ez ditu eskuratu aurten Kanpanzar Arrasatek, Durango eta Uni Bilboren kontra etxean jokatutako partiduetan eta, honenbestez, azken sailkatua da lau punturekin baino ez.  Hala eta guztiz ere, arrasatearrek ez dute itxura txarra eskaini orain arte jokatutako norgehiagoka guztietan eta, batzuetan, oso gutxigatik ihes egin die garaipenak.  Gauzak horrela, zapatu honetan lan hor biribiltzen ahaleginduko dira Bizkaia aldean.

Kanapanzar Arrasatek eta Durangok lehen itzulian Mojategin jokatutako partidua, emaitza 29-29 izan zen.

Barrutiaren mutilek aurrean edukiko duten aurkaria egungo hirugarren sailkatua da.  Durangok 17 puntu dauzka sei partidu jokatu eta gero, bigarren sailkatu Getxok baino hiru gutxiago eta Elorrio liderretik zortzira dagoela.  Durangarren atzetik BRT Menditarrak dator 11 punturekin; azkenaurreko sailkatu Uni Bilbok, berriz, zazpi besterik ez dauzka. Arripausuetakoek bi partidu irabazi dituzte orain arte, baztandarren kontra jokatutako biak, hain justu ere.

Testuinguru honetan, eta sailkapenak beste itxura bat eskaintzen badu ere, norgehiagoka parekatua aurreikusten da zapaturako Durango aldean, orain direla aste batzuk bi taldeek Mojategin jokatu zutena bezalakoa.  Aurtengo liga txapelketa ere horrelakoa ari da izaten, eta partidu asko detaile txikiengatik ari dira erabakitzen.  Zentzu horretan, orain arte Kanpanzar Arrasatek ez du suerte handirik izan.  Ea zapatuan joera hori eten eta Barrutiaren mutilek txanponaren beste aldea dastatzen duten.

Asteburu honetako jardunaldiaren ostean, beste hiru baino ez dira faltako sailkapen fasea amaitzeko:  Datorren astean Kanpanzar Arrasatek Elorrio liderra hartuko du Mojategin, handik zazpi egunetara Bilbora joango da eta, azken jardunaldian, abenduaren 18ko asteburuan, BRT Menditarrak hartuko du etxera.  Horretaz gain, Barrutiaren mutilek ere zain daukate estreinaldiko jardunaldian Getxon jokatzekoa zuten norgehiagoka, bere garaian bi taldeek atzeratzea adostu zutena eta oraindik horretarako datarik finkatu barik dagoela.

Kartelera

Mutilek ez bezala, Arrasate Errugbi Taldeko neskek ez dute hitzordurik izango asteburu honetan.  AGT Arrasate/Eibarrek hurrengo partidua abenduaren 18ko asteburura arte ez du jokatuko, Uni Bilbok Mojategira egingo duen bisitarekin. Zapatu honi dagokionez, beste bi hitzordu izango dira: 16 urtez azpikoek Elorrio hartuko dute Mojategin goizeko 10:00etan eta, ordubete beranduago, 14 urtez azpikoek Unben (Eibar) izango den topaketan hartuko dute parte. Azkenik, domekan, entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin Errugbi Eskola eta inklusiboko taldeek goizeko 10:30az geroztik.


0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *