2022/11/09 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Asteburu honetan Euskal Ligako 1. Mailako seigarren jardunaldia jokatuko da eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Getxo B hartuko dute Mojategin.  Julen Barrutiak zuzentzen duen taldeak denboraldiko aurreneko garaipena bilatuko du getxoztarren kontra zapatu arratsaldean, 16:30eatik aurrera.

Ez da denboraldi gozoa izaten ari Kanpanzar Arrasaterentzat, ligaren ekuatorera helduta, sarrailagileek ez baitute oraindik partidurik irabazi.  Gogoratu beharra dago Barrutiaren mutilek partidu bat gutxiago jokatu dutela, liga estreinaldikoa, Getxon jokatu beharrekoa, atzeratzea adostu baitzuten bi taldeek.  Gauzak horrela, lehen itzuliaren amaierara helduta, talde arrasatearrak hiru puntu baino ez ditu batu eta azkena da sailkapenean bi partidu berdindu eta beste horrenbeste galdu eta gero.

Barrutiaren mutilek zapatu honetan aurrean edukiko duten aurkaria oso bestelako egoeran dago, 15 punturekin bigarrena baita Getxo B.  Bizkaitarrek lau partidu jokatu dituzte orain arte, eta horietatik hiru irabazi:  Uni Bilbo, Durango eta BRT Menditarrak taldeen kontrakoak.  Iragan asteburuan, Elorrion, denboraldiko aurreneko porrota jaso zuten 26-17ko emaitzarekin. 

Gauzak horrela, hitzordu zaila Barrutiaren mutilek zapatu arratsaldean Mojategin izango dute.  Dena den, talde arrasatearra beti erakutsi izan du egoera zailei buelta emateko gai dela eta, oraingoan, gainera, zaleen hauspoa izango dute bidelagun.  Iragan asteburuan, Baztanen, oso gutxigatik egin zien ihes garaipenak; era oraingo honetan partidua biribiltzerik duten.

Neskak ere etxean

Seniorrak bezala, emakumezkoen taldea ere oraindik partidurik irabazi gabe da.  Asier Delgado eta Erik Cuevasen neskak Mojategin jokatuko dute asteburu honetan eta, zapatuan, 12:30eatik aurrera, Bera Berari egingo diote aurre.  Esan bezala, AGT Arrasate/Eibarreko neskek denboraldiko aurreneko garaipena bilatuko dute bosgarren jardunaldi honetan.

Konbinatu gipuzkoarrak asteburu honetan aurrean edukiko duen aurkariak bi partidu baino ez ditu jokatu aurtengo denboraldian, halere, hori nahikoa izan zaio jada bederatzi puntu batzeko, bi partiduak irabazi baititu.  Donostiarrek estreinaldiko jardunaldian 0-27 hartu zuten mendean Durango Arripausuetan eta, handik pare bat astera, Gaztedik Donostiara egindako bisitan 14-5 gailendu ziren. 

Kartelera

Arrasate Errugbi Taldeko gainontzeko ekipoei dagokionez, aipatzekoa da Pirolitikak izeneko amen taldeak edukiko duen hitzordua, zapatuan, Sitgesen izango den II. Mater Series txapelketan parte hartuko baitu.


0 comentarios

Deja una respuesta