ISEI BARBERO / Argazkiak: Artxiboa

Iragan asteburuan Euskal Ligako 1. Mailako txapelduna zein den erabakitzeko baliagarriak diren play-offetako aurreneko kanporaketako joaneko partiduan Saran 39-15 galdu eta gero, asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak kanporaketa iraultzen ahaleginduko dira.  Gipuzkoarren eta Iparraldekoen arteko lehia zapatu eguerdirako deituta dago, 12:00etatik aurrera Mojategin, hain justu ere.

Joaneko partiduan min hartutako jokalariak izan zen Kanpanzar Arrasate taldeko entrenatzaile Julen Barrutiaren buruhauste nagusia, ordezko lau jokalari baino ez baitzituen eduki bere aginduetara Sarako norgehiagokan.  Testuinguru horretan, taldeak beherakada fisikoa antzeman zuen bigarren zatian eta, ondorioz, Iparraldekoek errenta handitu egin zuten.  Esan bezala, markagailu hori iraultzea izango da sarrailagileen erronka zapatu honetarako.

50. mendeurrena

Arrasate Errugbi Taldeak bere 50. Urteurrena ospatuko du larunbat honetan eta, horretarako, egitarau zabala antolatu du klub zuri-moreak.  ART-ko egungo kide eta mende erdi honetan parte izan direnen artean deialdia zabaldu dute zapatu goizean Mojategin elkartzeko.  Hitzordua 11:15ean izango da, eta 11:30ean aurreskua dantzatuko diete klubeko sortzaileei. 

Horren ostean, eta Kanpanzar Arrasatek eta Sarako Izarrak jokatuko duten norgehiagokaren atarian, bertaratutakoek familia argazkia aterako dute klub zuri-moreko egungo jokalariekin batera.  Horren ostean, eta talde arrasatearrak azken asteetan etxean jokatu dituen azken partiduetan egin ohi den moduan, ohorezko sakea egingo da neurketa hasi aurretik.

Eguneko hurrengo ekitaldia eguerdiko 13:00etarako deituta dago, kasu honetan Arrasateko udaletxean, bertan klubeko sortzaileek merezitako errekonozimendua jasoko baitute.  Eta egunari behar den moduko amaiera emateko, eta Arrasate Errugbi Taldeko belaunaldi ezberdinek urteetan zehar egin ohi dute bezala, sortzaileek mahaiaren inguruan bilduko dira 14:30eaz geroztik Txalaparta elkartean.

ART-ko sortzaileak orain direla hainbat urte hartutako irudian.

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *