ISEI BARBERO / Argazkiak: Sarako Izarra

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak esku hutsik bueltatu dira Iparraldetik, zapatuan, Sarako Izarraren kontra, galdu eta gero.  Euskal Ligako 1. Mailako play-off-etako joaneko partidua jokatu zuten Saran Julen Barrutiaren mutilek eta, zoritxarrez, etxeko taldea nagusitu zen 39-15eko emaitzarekin.  Gauzak horrela, arrasatearrek buelta eman beharko diote kanporaketari, larunbat honetan, Mojategin, jokatuko den bueltako partiduan.

Lau ordezko jokalari baino ez zituen izan Barrutiak bere aginduetara Saran zapatuan eta, hori gutxi balitz, partidua berehala jarri zitzaion maldan gora Kanpanzar Arrasateri.  Hirugarren minuturako 7-0 zen aurretik Sarako izarra, eta horren ostean Arizaletak zutoinen artera bidalitako zigor kolpe baten bitartez Iparraldekoen abantaila murriztu bazuen ere (7-3), etxekoen erantzuna berehala etorri zen (10-3).  Atsedenaldira joan aurretik etxeko taldeak beste bi zigor kolpe bidali zituen zutoinen artera eta, modu honetan, aldageletara 16-3ko emaitzarekin joan ziren bi taldeak.

Atsedenalditik bueltan, eta modu berean, Sarako Izarrak 19-3koa egin zuen eta, hamargarren minutua bete baino lehen, partiduko bigarren entsegua egin eta 26-3koa igo zen markagailura.  Ordurako Barrutiaren mutilek neurketa maldan gora zuten, baina hamargarren minutua bete  eta gutxira Xabier Narbaizak lortutako entseguaren bitartez eta Arizaletak gauzatutako transformazioarekin Kanpanzar Arrasate berriro ere partiduan sartu zen (26-10).

Zoritxarrez, bisitariek beherakada fisikoa antzeman zuten, eta Sarako Izarrak etekin bikaina atera zion ordezko jokalari gehiago izateari.  Freskotasun hori bidelagun, beste bi zigor kolpe gauzatu eta, arauzko denbora amaitzeko hiru minuturen faltan lortutako entseguaren bitartez, transformazioa barne, Iparraldekoek 39-10ekoa ezarri zuten.  Partidua amaitu baino lehen, ordea, Beñat Salaberrik entsegua egin eta markagailua nolabait txukundu zuen, amaierako 39-15ekoa markagailuan jarriz.

Kanpanzar Arrasate ezin izan zen nagusitu Saran.
Categorías: Seniorrak

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *