ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak garaipenarekin itzuli dira Donostiatik, zapatu honetan Bera Bera mendean hartu eta gero.  Donostiarrak azkenaurreko sailkatuak izanik, faborito ziren Barrutiaren mutilak lehia honetarako eta, denboraldiko partidurik onena jokatu ez bazuten ere, azkenean aise nagusitu ziren Gipuzkoako hiriburuan, 3-30eko emaitzarekin, hain justu ere.

Kanpanzar Arrasate ez zen beste partidu batzuetan bezala zelairatu, eta hasierako minutuetan, arrasatearren entrenatzaile Julen Barrutiaren esanetan, “erabaki txarrak eta akats asko” egin zituen talde zuri-moreak.  Epaileak, baina, Bera Beraren jokalari bat kaleratu zuen eta, hortik aurrera, “nahiz eta itxurarik onena ez eskaini, intentsitatea eta jarrera hobetuz” bisitariak puntuak batzek hasi ziren, amaierako 3-30ekora arte.

Partidu amaieran Barrutia pozik azaldu “lortutako garaipena eta, batez ere, bonus puntuengatik”.  Taldeak erakutsitako mailaren inguruan hitz egiterako orduan, entrenatzaile zuri-moreak azaldu zuen “bi partidu oso gogor jokatzetik gatoz, eta agian hor egon daiteke gakoa taldeak gaurkoan izan duen beherakadaren arrazoia topatzeko”.

Hurrengo asteburuan oso bestelako arerio izango du aurrean Kanpanzar Arrasatek, aurkari zuzen batek bisitatuko baitu Mojategi:  Sarako Izarra.  Iparraldekoen kontra jaso zuten sarrailagileek aurtengo denboraldiko lehenengo porrota, hortaz, ziur asko mendeku gosez egongo direla.  “Sararen kontrakoa erronka polita izango da, eta bertan gure mailarik onena berreskuratzearen itxaropena daukat”, dio Barrutiak.

Bera Beraren kontra 2018-2019 denboraldian Mojategin jokatutako partiduaren irudia.
Categorías: Seniorrak

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *