ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Euskal Ligako 1. Mailako denboraldi berriko bigarren jardunaldia jokatu da asteburu honetan eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Sarako Izarrari egin zioten bisita zapatu arratsaldean.  Onenen artean egotera deituta dagoen taldea da Iparraldekoa eta, zoritxarrez, norgehiagokan aurreikuspenak bete egin ziren.  Neurketa parekatua izan bazen ere, azkenean etxekoek irabazi zuten lehia 16-6ko emaitzarekin.

Norgehiagokari, baina, ondo ekin zioten Julen Barrutiaren mutilek.  Sarrailagileak jaun eta jabe izan ziren hasierako 15 minutuetan, euren joko sistema ezarriz eta baloiaren jabetza izanez.  Hortik aurrera, baina, partidua nolabait aztoratu egin zen eta, testuinguru horretan, Sarako Izarra erosoago sentitu zen.  Lehenengo zatian ez zen entsegurik ikusi, eta puntu guztiak zutoinen artera bidalitako zigor kolpeen bitartez poltsikoratu zituzten bi taldeek.  Hala eta guztiz ere, atsedenaldira aurretik joan ziren bisitariak, 3-6ko emaitzarekin, hain justu ere.

Bigarren zatian partiduak atsedenaldi aurreko ildo beretik jarraitu zuen:  Sarako Izarra sendo aritu zen defentsan eta, baloia jokatzerako orduan ere, talde lana paregabea egin zuten.  Hori gutxi balitz, eraginkorrago aritu ziren izandako alde zigor kolpeetan.  Aitzitik, Kanpanzar Arrasate ez zen fin ibili ostikoetan, ez bere zelaian jo behar izan zituen momentuetan ezta zutoinen artean bidalitakoetan ere. Gauzak horrela, eta bigarren zatian egindako entsegu bat tarteko, azkenean Sarako Izarra nagusitu zen 16-6ko emaitzarekin.

Porrot honen ostean, datorren asteburuan denboraldiko bigarren garaipena eskuratzeko aukera berri bat izango dute Julen Barrutiaren mutilek, oraingo honetan zaleen aurrean berriro ere.  Izan ere, hirugarren jardunaldiaren baitan Txingudi hartuko du Mojategin Kanpanzar Arrasatek.

Iragan denboraldian Sarako Izarraren kontra Mojategin jokatutako partidua.

Nesken porrota

Mutilek bezala, emakumezkoen taldeak ere ezin izan zuen ezer positiborik urratu etxetik kanpo.  Ordiziakoekin batera, Arrasate Errugbi Taldeko neskek Uni Bilbori egin zioten aurre El Fango errugbi zelaian zapatuan eta, Saran mutilekin gertatu bezala, hemen ere etxeko taldea nagusitu zen.  Azken emaitza 48-20 izan zen etxekoen alde.

Asteburuko albisterik positiboena 16 urtez azpiko taldeak eman du, 7-51 nagusitu baitzen zapatu goizean Plaiaundin Txingudiren kontra jokatutako partiduan.  Hurrengo asteburuan atsedena izango dute Arrasate Errugbi Taldeko infantilek, baina azaroaren aurreneko asteburuan Durangori egingo diote bisita.  Neskek egutegi berdina izango dute, baina kasu honetan Gaztediri bisita egingo diotela.


0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *