ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Asteburu honetarako atsedenaldia programatuta zegoen Euskal Ligako 1. mailan, horregatik, etenaldi horretaz baliatuko dira Kanpanzar Arrasate eta Elorrio bere garaian, Covid-19 kasuak tarteko, atzeratutako partidua jokatzeko.  Gauzak horrela, zapatu arratsaldean, 16:00etatik aurrera, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak aurrez aurren izango dira San Roke errugbi zelaian, Elorrion.

Denboraldiko bigarren porrota jaso eta gero heltzen dira hitzordu garrantzitsu honetara Julen Barrutiaren mutilak, pasa den asteburuan, Mojategin, kategoriako lider La Unicaren kontra 13-42 galdu eta gero.  Nafarrek tinko eusten diote lidergoari eta ez dakite oraindik zer den partidurik galtzea, eta hori agerian geratu zen arrasatearren kontrako lehian.

Kanpanzar Arrasatek asteburu honetan aurrean edukiko duen aurkaria Euskal Ligako 1. Mailako beste oilarretako bat da, Elorrio egungo bigarren sailkatua baita 35 punturekin, sarrailagileek baino zortzi gehiago eta La Unicak baino lau gutxiago.  Bizkaitarrek iruñarren kontra baino ez dute galdu aurtengo denboraldian eta, gainontzeko neurketetan, aise nagusitu dira.

Elorrio eta Kanpanzar Arrasateren arteko lehiak biziak eta beroak izan ohi dira, eta aurten sailkapenean dagoen estutasuna ikusita, partidu erakargarria aurreikusten da zapatu arratsalderako San Roken.  Barrutiaren mutilak iragan zapatuan Mojategin gertatutakoa ahazteko asmoarekin abiatuko dira Bizkaia aldera, eta bertan jokoan egongo diren puntuek urrearen balioa edukiko dute

Kartelera

Seniorrez gain, asteburu honetan bakarrik 16 urtez azpikoek egingo dute salto berdegunera.  Kasu honetan hitzordua ere zapatuan izango da, baina goizeko 10:30eatik aurrera.  Gamarrako errugbi zelaian, Arrasate Errugbi Taldeko infantilek Gaztediri egingo diote aurre.

Ohi bezala, lehiakora izango da oso Elorrio eta Kanpanzar Arrasateren arteko partidua.

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *