ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Astebeteko etenaldiaren ostean baloia berriro ere jokoan jarriko da asteburu honetan eta, Euskal Ligako 1. Mailako zazpigarren jardunaldiaren baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Atletiko San Sebastian hartuko dute Mojategin.  Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da, 16:30ean hasita, eta bertan Julen Barrutiaren mutilek azken jardunaldietako bolada onari jarraipena ematea bilatuko dute.

Azken lau partiduak irabazi ditu Kanpanzar Arrasatek, azkenekoa orain direla 15 egun Logroñon, berarekin sailkapen buruan dagoen Errioxaren aurka.   Gauzak horrela, eta sei jardunaldi jokatu eta gero, talde zuri-moreak norgehiagoka bakarra galdu du, bigarren jardunaldian Sarako Izarraren zelaian jokatutakoa.  Testuinguru honetan, hirugarren sailkatua da Kanpanzar Arrasate 22 punturekin, Elorrio liderrak baino zortzi gutxiago.

Zapatuko hitzordurako etxeko taldea izango da faborito, Mojategi bisitatuko duen Atletiko San Sebastianek partidu bakarra irabazi baitu orain arte, eta azkenaurrekoa da sailkapenean bost punturekin baino ez.  Kanpanzar Arrasate ez bezala, bolada txarrean heltzen da norgehiagoka honetara Atletiko San Sebastian, estreinaldiko jardunaldian azken sailkatu Txingudi mendean hartu zuenetik, partidu guztiak galdu baititu.

Atletiko San Sebastianen kontra 2018-2019 denboraldian Mojategin jokatutako partidua.

Honenbestez, aurrerapauso berri bat emateko aukera izango dute Barrutiaren mutilek zapatu honetan, zaleen hauspoa bidelagun izango dutela, gainera.  Etxeko taldea faborito bezala zelairatuko bada ere, tentu handiz ekin beharko dio donostiarren kontrako lehiari, azken jardunaldian uste baino zailtasun gehiagorekin gailendu baitzen euren aurka kategoriako lider Elorrio.

Kartelera

Seniorrek bezala, Arrasate Errugbi Taldeko emakumezkoen taldeak ere zapatuan jokatuko du, baina kasu honetan Donostian, eguerdiko 13:00etan, eta Bera Beraren kontra.  Egun eta ordu berean arituko dira 16 urtez azpikoak, Logroñon, Errioxaren aurka.  Zertxobait lehenago, 11:30ean, 14 urtez azpikoek Hendaia hartuko dute Mojategin.  Azkenik, eta astero legez, igande goizean (10:30) entrenamendu saioa burutuko dute Errugbi Eskolako neska-mutikoek eta inklusiboko kideek Mojategin.


0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *