ISEI BARBERO – Argazkiak: artxiboa

Asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek laugarren garaipena jarraian bilatuko dute, denboraldiko bosgarrena, eta, horretarako, aurkari zuzenari egingo diote bisita.  Julen Barrutiak zuzentzen duen taldea Logroñora joango da zapatuan eta, 18:30eatik aurrera, sailkapenean bere atzetik dagoen Errioxari egingo dio aurre.

Esan bezala, iragan asteburuan Kanpanzar Arrasatek denboraldiko laugarren garaipena poltsikoratu zuen, Mojategin, Uni Bilbo 30-7ko emaitzarekin mendean hartuta.  Sarako Izarraren zelaian, bigarren jardunaldian, porrota jaso zuenetik, partiduak garaipen gisa zenbatu ditu talde zuri-moreak.  Gauzak horrela, une honetan hirugarren sailkatua da Arrasateko taldea 18 punturekin, bigarren sailkatu La Unicak baino bat gutxiago eta lidergoan dagoen Elorriotik zazpi puntura.

Esan bezala, Barrutiaren mutilek asteburu honetan aurrean edukiko duten aurkaria euren hauspoa jarraitzen dabil, 14 punturekin laugarren sailkatua baita Errioxa.  Lehenengo bi jardunaldietan Durango eta Uni Bilbo hartu zituzten mendean Logroñokoek; hirugarren jardunaldian, baina, amore eman behar izan zuten Nafarroa aldean, La Unicaren zelaian.  Orain direla bi aste, etxean, aise garaitu zuten Atletiko San Sebastian, baina iragan asteburuan esku hutsik irten ziren Elorrio ahalguztidunaren zelaitik.

2018-2019 denboraldian Errioxaren kontra Mojategin jokatutako partidua.

Testuinguru honetan, partidu parekatua aurreikusten da zapatu arratsalderako Logroñon, non garrantzitsua izango da oso akatsik ez egitea.  Garaipena eskuratuz gero, errioxarrekiko abantaila handituko luke Kanpanzar Arrasatek; aitzitik, etxekoak baldin badira nagusitzen direnak, litekeena izango da talde zuri-morea sailkapenean aurreratzea.

Kartelera

Asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeko ekipo gehienek atsedena izango dute, Gipuzkoako selekzioak zenbait hitzordu izango baititu, horietako bat, gainera, Arrasaten.  Zapatuan, goizeko 10:00etatik aurrera, 13 eta 14 urtez azpiko gizonezkoen taldeek entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin.  Beste hitzordua Unben (Eibar) izango da domekan, 13:00etan hasita, non 14, 16 eta 18 urtez azpiko neskak entrenatuko dira. 

Klub zuri-morearen kartelerara itzuliz, Errugbi Eskolako neska-mutikoena izango da asteburuko beste hitzordua:  Igandean, 10:30ean hasita, Gasteizko Gamarra errugbi zelaian izango den topaketan hartuko dute parte Gaztedi, Hernani eta Atletiko San Sebastianeko neska-mutikoekin batera.


0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *