ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Asteburu honetan Euskal Ligako 1. Mailako bosgarren jardunaldia jokatuko da eta , honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Uni Bilbo hartuko dute Mojategin.  Julen Barrutiak zuzentzen duen taldea bolada onean murgilduta dago, izan ere, jokatutako azken bi partiduak irabazi ditu.  Modu honetan, bilbotarren aurka eta zaleen babesarekin, ikasturteko laugarren garaipen bilatuko dute.  Hitzordua zapatu arratsaldean  izango da Mojategin, 16:00etan hasita.

Une honetan bigarren sailkatua da Kanpanzar Arrasate, hamalauna puntura Errioxarekin berdinduta.  Barrutiaren mutilek partidu bakarra galdu dute denboraldi honetan, bigarren jardunaldian Sarako Izarraren zelaian jokatutakoa, hain justu ere.  Talde bakarra dago kategorian sarrailagileak eta errioxarrak baino erregistro hobeak dituena, norgehiagoka guztiak irabazi eta lidergoan 20 punturekin dagoen Elorrio.

Talde zuri-moreak asteburu honetan aurrean edukiko duen aurkaria oso bestelako egoeran dago, Uni Bilbok partidu bakarra irabazi baitu orain arte, Atletiko San Sebastianen zelaian jokatutakoa.  Gainontzeko neurketetan La Unica, Errioxa eta Elorrio izan dira El Fangoko taldearen  borreroak, guztiak sailkapen buruan dauden taldeak.

Testuinguru honetan, eta sailkapenari erreparatuz, Barrutiaren mutilek ez lukete arazo handirik eduki beharko Uni Bilbo mendean hartzeko.  Jakina denez, baina, kategoria honetan ez dago aurkari ahulik, eta horren adierazgarri Bilbotarrek Kanpanzar Arrasaterekin berdinduta dagon Errioxaren zelaian jokatutako neurketa, non errioxarrak hiru puntuko aldeagatik soilik gailendu ziren.

Kartelera

Arrasate Errugbi Taldeko gainontzeko ekipoei dagokionez, eta astebeteko etenaldiaren ostean, bai nesken taldeak zein 14 urtez azpikoek -16 urtez azpikoek berriro ere atsedena izango dute- txapelketa ofizialei berrekingo diete asteburu honetan. Emakumezkoen taldeak Hernani hartuko du Altamiran, domekan, eguerdiko 12:00etatik aurrera. 14 urtez azpikoek, berriz, Iruñean jokatuko dute zapatuan, goizeko 11:00etan. Azkenik, Errugbi Eskolako neska-mutikoek asteroko entrenamendu saioa burutuko dute eginde goizean (10:30) Mojategin.

2018-2019 denboraldian Uni Bilboren kontra Mojategin jokatutako partidua.

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *