ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Astebeteko etenaldiaren ostean Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek liga txapelketari berrekingo diote asteburu honetan eta, laugarren jardunaldiaren baitan, Durangori egingo diote bisita.  Arripausuetan jokatuko den partidua zapatu arratsalderako deituta dago, 16:30ean hasita, eta bertan Julen Barrutiaren mutilek ikasturteko hirugarren garaipena bilatuko dute.

Liga hasiera ona izaten ari da Kanpanzar Arrasaterentzat, 10 punturekin sailkapeneko bigarrenak baitira Mojategikoak.  Denboraldia garaipenarekin estreinatu zuten Barrutiaren mutilek, Bera Beraren kontra Mojategin lortutakoa.  Handik astebetera, nahiz eta errenta gutxigatik izan, esku hutsik etorri ziren Saratik.  Orain direla 15 egun, baina, garaipenaren zapore gozoa dastatu zuten berriro ere, oraingo honetan baja ugarirekin zegoen Txingudiri sekulako jipoia emanez (105-0) Mojategin. 

Testuinguru honetan, egungo lider Elorrioren erritmoari nolabait eutsi dion talde bakarra da Kanpanzar Arrasate, bizkaitarrak baino bost puntu gutxiagorekin dagoela.  Bederatzi punturekin Errioxa eta La Unica daude; Sarako Izarrak, aldiz, zortzi dauzka.  Gauzak horrela, estutasuna da nagusi sailkapen buruan, eta Arripausuetatik garaipena ekarriz gero aurrerapauso nabarmena emango luke Arrasateko taldeak.

Durangok ez du nahi bezala hasi denboraldia, hiru partiduetatik bakarra irabazi baitu, etxean eta sailkapen zuloan dagoen Atletiko San Sebastianen kontra, hain justu ere.  Beste biak, talde indartsuenen artean dauden Errioxa eta Elorrioren zelaietan jokatutakoak, galdu egin dituzte, azken hau errenta handiagatik (59-5), gainera.  Une honetan azkenaurreko sailkatua da Durango bost punturekin, Bera Bera eta Atletiko San Sebastianekin berdinduta, eta oraindik punturik urratu ez duen Txingudiren aurretik.

Hala eta guztiz ere, Barrutiaren mutilek zuhurtasunez ekin beharko diote zapatuko lehiari, esan bezala, Durangok orain arte onenen artean egotera deituta dauden aurkarien kontra neurtu baititu indarrak.  Sailkapenak erakusten duena baino indartsuagoa izan daitekeen aurkaria edukiko du aurrean Kanpanzar Arrasatek eta, zalantza izpirik gabe, Bizkaia aldetik garaipena ekartzen badu, sailkapen buruko taldeen artean egoteko hautagaitza aurkeztuko du ofizialki.

Iragan denboraldian Durangoren kontra Mojategin jokatutako partidua.

Kartelera

Seniorrek ez bezala, asteburu honetan emakumezkoen taldeak eta 16 zein 14 urtez azpikoek atsedena izango dute.  Izan ere, Gipuzkoako selekzioak entrenamendu saioak burutuko ditu, gizonezkoek Lasarteko Michelin errugbi zelaian eta, Eibarko Unben, emakumezkoek.  Bestetik, eta astero legez, Errugbi Eskolako neska-mutikoek entrenamendu saioa buruko dute Mojategin igandean, 10:30ean hasita. 

Aurkezpena

Azkenik, asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeak ekipo guztien aurkezpen ofiziala egingo du.  Zapatu goizean, 11:00etan hasita, Seber Altube enparantzan burutuko den ekitaldian, klub zuri-moreko ekipo guztiek argazki ofiziala aterako dute.


0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *