ISEI BARBERO / Argazkiak: Artxiboa
Asteburu honetan jarriko dira martxan Euskal Ligak eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek etxean estreinatuko dute denboraldia, Bera Beraren kontra Mojategin indarrak neurtuz. Gipuzkoarren arteko lehia domeka goizerako deituta dago, 12:30ean hasita, hain justu ere.
Seniorrek bakarrik ez, ordea, klub zuri-moreko gainontzeko kategorietako taldeek ere ekingo baitiote ikasturte berriari. Neskek, Ordiziarekin taldea partekatuz, La Unica hartuko dute etxean zapatu arratsaldean. Egun eta leku berean, baina 13:30eatik aurrera, 16 urtez azpikoek Durangori egingo diote aurre eta, 10:30ean hasita, 14 urtez azpikoek zazpinako txapelketa jokatuko dute. Azkenik, domeka goizean, seniorren partidua baino lehen (10:30eatik aurrera), entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin 10 eta 12 urtez azpikoek, baita errugbi inklusiboko kideek ere.
Seniorrak
Esan bezala, pandemiak eragindako iazko ezohiko denboraldiaren ostean, Euskal Ligako 1. Maila buelta da Mojategin, eta Julen Barrutiaren mutilek “ilusio eta gogo handiz” ekingo diote ikasturte berriari. “Orotara zazpi asteko aurre-denboraldia burutu dugu, liga hasiera atzeratu baita, eta aitortu beharra daukat atzerapen hori ondo etorri zaigula prestaketa lanetan sakontzeko”, adierazi du teknikari zuri-moreak. Elorrioren kontra jokatutako lagunarteko partidua “pozik” amaitu zuen Barrutiak zelaian ikusitakoarekin, halere, “beti dagoela zeozer hobetzeko” azpimarratzen du. “Aproposena aurre-denboraldiko azken txanpa honetan beste lagunartekoren bat jokatzea litzateke, baina azken bi asteburuetan Maritxu Kajoi eta zubia izan direnez, ezinezkoa izan da”, gaineratzen du.
Ikasturte berriagatik galdetuta, Barrutiak argi dauka “partiduz partidu joatea ezinbestekoa” dela, “eta jardunaldiak aurrera joan ahala ikusiko dugu helburua zein den”. Iaz ez bezala, aurten Kanpanzar Arrasatek ez du taldea partekatuko Ordiziarekin, eta osatutako ekipoarekin pozik dago entrenatzaile arrasatearra: “25 laguneko taldea osatu dugu, eta denak oso gogotsu eta motibatuta daude denboraldi berriari begira, beraz ilusio handiz ekingo diogu ligari domekan”. Hori baino lehen, aste honetan beste bi lansaio burutuko dituzte Barrutiaren mutilek, asteazken eta ostegunean, hain justu ere.
Domeka honetan aurrean izango duen Bera Berarekin batera, Kanpanzar Arrasatek beste zortzi aurkariri egingo die aurre asteburu honetan hasi eta apirilaren 10era arte luzatuko den joan-etorriko liga erregularrean: Sarako Izarra, Txingudi, Durango, Uni Bilbo, Errioxa, Atletiko San Sebastian, Elorrio eta La Unica. Ligaska honen azken sailkatuak kategoria galduko du, eta Euskal Ligako 2. Mailara jaitsiko da. Lehen sailkatuak, berriz, Ohorezko B mailara igotzeko promozioa jokatzeko txartela eskuratuko du. Era berean, aurreneko lau sailkatuek fase finala jokatuko dute maiatzean, eta lau talde horietako onena izango da liga txapelduna.

Neskak Ordiziarekin
Mutilek ez bezala, Arrasate Errugbi Taldeko neskek Ordiziakoekin partekatuko dute taldea aurtengo denboraldian, eta aurreneko partidua La Unicaren kontra jokatuko dute etxean zapatuan (16:30). Nafarrekin batera, honako hauek izango dira aurten aurrean edukiko dituzten aurkariak: Hernani, Bera Bera, Gaztedi eta Uni Bilbo.
Mutilen kasuan bezala, txapelketa era berdina izango da, hau da, joan-etorriko liga erregularrarekin, martxoa amaierara arte luzatuko dena. Lehenengo hiru sailkatuek amaiera faserako txartela eskuratuko dute, eta hauekin batera 5. eta 6. sailkatuen arteko partiduko irabazleak. Amaiera fasea apirilean jokatuko da, eta bertako talderik onena izango da txapelduna. Emakumezkoen Ohorezko B Mailara igotzeko baliagarria den promozioa jokatzeko txartela, berriz, liga erregularreko lehen sailkatuak eskuratuko du.
Hirugarren denbora
Arrasate Errugbi Taldeak babesle berria du, Krix Krax erretegia, hain justu ere. Klub zuri-moreak eta jatetxe honek sinatu berri duten akordioaren baitan, partiduen osteko hirugarren denborak bertan egingo dituzte Arrasate Errugbi Taldeko ekipoek aurtengo denboraldian.
0 comentarios