Isei Barbero / Argazkiak: Artxiboa

Konturatu orduko, azken txanpara heldu da Covid-19ko pandemiak eragindako ezohiko denboraldia.  Izan ere, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek ikasturteko azken liga partidua jokatuko dute larunbat honetan.  Mojategin izango da, goizeko 11:30ean hasita, eta bigarren sailkatu Durango bisitari izango dela. 

Azken asteetako porroten ostean, eta aurkaria gogorra baldin bada ere, Kanpanzar Arrasate/Ordiziak ikasturtea garaipenarekin amaitzea bilatuko du.  Bost jardunaldi jokatuta, azken sailkatua da konbinatu gipuzkoarra bost punturekin, garaipen bakarra eskuratu duela –Gernikaren kontra Altamiran-.  Barrutiaren mutilek basurdeak dituzte aurretik bi puntu gehiagorekin eta, asteburu honetan bisitari izango duten Durango, bigarrena da 10 punturekin.  Lidergoan, berriz, orain arte aurkaririk izan ez duen Sarako Izarra dago 19 punturekin.

Testuinguru honetan, Durango mendean hartuz gero eta emaitzak aldekoak balira, bigarren postuan amaitzeko aukera du oraindik Kanpanzar Arrasate/Ordiziak.  Esan bezala, ezohikoa izan da amaitzear dugun denboraldia.  Pandemiaren gorabeherak medio, Gabonen ostera arte ez zen martxan jarri liga txapelketa eta, hori gutxi balitz, Barrutiaren mutilek Ordiziarekin batera partekatu behar izan zuten taldea. 

Denboraldi hasiera eta elurpean Mojategin Durangoren kontra jokatutako partiduaren irudia.

Elkarren artean ezagutzen ez ziren jokalariak izateak zama handia suposatu zion talde zuri-moreari hasierako partiduetan baina, jardunaldiak aurrera joan ahala, ekipoa egonkortu eta sasoi puntua hartzen joan zen.  Testuinguru honetan, garaipenak heltzen hasi ziren eta, hori gutxi balitz, denboraldiko bigarren fasean onenekin lehiatzeko txartela lortu zuen Kanapnzar Arrasate/Ordiziak. 

Esan bezala, bigarren fase honetan ere itxura ona eskaini badute ere, Barrutiaren mutilek ez dituzte nahi beste puntu eskuratu.  Partidu batzuetan garaipenak ihes egin die eskuetatik azken unetan, eta Gernika izan da garaitu duten talde bakarra.  Halere, eta sinesgaitza badirudi ere, oraindik bigarren postuan amaitzeko aukerak izan badituzte, multzoan egon den parekotasunaren adierazgarri.

Euskal Selekzioarekin

Asteburu honetan Euskal Selekzioak hiruko txapelketa jokatuko du Gijonen Katalunia eta Balearren kontra eta, hitzordu horretarako, Arrasate Errugbi Taldeko bost ordezkari daude deialdian:  Irasuegi anaiak eta Ander Hickey 18 urtez azpiko kategorian, eta emakumezkoetan Morgana Via eta Ane Rincon.  Zalantza izpirik gabe, esperientzia aberasgarria izango da honako hau jokalari zuri-moreentzat, klubeko harrobiak bizi duen une gozoaren adierazgarri.


0 comentarios

Deja una respuesta