ISEI BARBERO – Argazkiak: Artxiboa

Astebeteko etenaldiaren ostean Euskal Ligako 1. Mailako A multzoa berriro ere martxan jarriko da.  Ikasturteko azkenaurreko jardunaldia izango da asteburu honetan jokatuko dena eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Urbietan jokatuko dute.  Julen Barrutiaren mutilek Gernika B-ri egingo diote aurre zapatu goizean, 12:00etatik aurrera, eta bertan garaipenaren bidera itzultzen ahaleginduko dira.

Izan ere, Kanpanzar Arrasate/Ordiziari oroitzapen onak ekartzen dizkion taldea da Gernika B, basurdeen kontra lortu baitute bigarren fase honetako garaipen bakarra Barrutiaren mutilek.  Bigarren jardunaldian izan zen, Altamiran jokatutako norgehiagokan, bertan talde zuri-morea 47-5eko emaitzaren nagusitu baitzen.  Gainontzeko partiduetan amore eman behar izan badute ere, pozik egoteko moduko irudia izan da orain arte konbinatu gipuzkoarrak eskaini duena, aurkariek beti izerdi dezente bota behar izan baitute Kanpanzar Arrasate/Ordizia mendean hartzeko.

Esan bezala, asteburu honetakoa ligaskako azkenaurreko jardunaldia izango da.  Bost partidu jokatuta hirugarren sailkatua da Kanpanzar Arrasate/Ordizia bost  punturekin, garaipen bakarra poltsikoratuta.  Multzoko lidergoan Sarako Izarra dago 19 punturekin, garaipenen plenoarekin, lau orotara.  Atzetik, bederatzi puntu gutxiagorekin, Durango dago; eta sailkapena asteburu honetan Barrutiaren mutilek aurrean edukiko duten aurkariak ixten du, Gernika B-k.  Basurdeek, jokatutako norgehiagoka guztiak galdu ostean, bi puntu baino ez dituzte patrikan.

Testuinguru honetan, hitzordu aproposa dirudi zapatu honetakoa garaipenaren bidera itzuli eta, bide batez, denboraldia zapore gozoarekin agurtzen hasteko.  Izan ere, datorren asteburuan jokatuko da ikasturteko azkeneko jardunaldia eta, bertan, Kanpanzar Arrasate/Ordiziak bigarren sailkatu Durango hartuko du etxean.  Geratzen diren azken bi partidu hauek irabaziz gero, zuri-moreek aukerak edukiko lituzkete denboraldia bigarren postuan amaitzeko.

Aurtengo denboraldian Mojategin jokatutako partiduetako bat.

Categorías: Seniorrak

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *