2024/11/19 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa
Asteburu hau berezia izango da Arrasate Errugbi Taldeko amentzat, Valentzian izango den IV. Mater Series txapelketan hartuko baitute parte. Hitzordua zapatuan izango da, goizeko 9:00etan hasita, Cau errugbi zelaian. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, aurtengo edizioan 20 taldek hartuko dute parte, eta estatu espainiar osotik joandako 500 emakume izango direla aurreratu dute.
2022ko martxoan eman zituen aurreneko pausoak ART-ko amen taldeak, klubeko zenbait jokalarien amak elkartu eta taldea osatzea bururatu zitzaien momentuan. Horretarako, ate irekien zenbait jardunaldi antolatu zituzten, eredu gisa Gaztedi Errugbi Elkarteko Kamalehoiak taldea hartuta. Zentzu honetan, gasteiztarrekin zenbait lansaio burutu zituzten eta, Gasteizen, hain justu ere, debuta egin zuten uztailean “Maters Series” izeneko txapelketan. Gasteiztarrekin, eta ART-ko beteranoekin batera, Hondarribiko Rugby Beach delako txapelketan ere parte hartu zuten, finalerdietarako txartela eskuratuz. Sitgesen ere izan dira, “Maters Series” delakoaren edizio berri batean, hala nola, iazko otsailean, Sevillan. Azkenaldian Xixon, Sevillan edo Madrilen izan dira, besteak beste.

Neskak etxean
Senior mailako neskei dagokionez, aspaldiko partez, Mojategin jokatuko dute. Izan ere, zelai arrasatearreko atletismo pistan azkenaldian egindako lanek AGT Arrasate/Eibar Unben jokatzera behartu dute. Konbinatu gipuzkoarrak Durangori egingo dio aurre zapatuan, 16:00etatik aurrera, eta bertan denboraldiko bigarren garaipena bilatuko dute.
Bigarren jardunaldian Bilbon irabazi zutenetik, Arrasate Errugbi Taldeko neskek ez dute garaipenik eskuratu. Gauzak horrela, bost jardunaldi jokatuta, azken hirugarrena da AGT Arrasate/Eibar bost punturekin, atzetik Errioxa (0 puntu) eta Uni Bilbo (-4 puntu) baino ez daudela.
Mojategi bisitatuko duen taldea oso bestelako egoeran dago, hiru garaipenekin bigarren sailkatua baita Durango. Bizkaitarrek 14 puntu dituzte, Gaztedi liderrak baino sei gutxiago, hori bai, arabarrek baino partidu bat gutxiago jokatuta. Izan ere, Durangok jokatutako hiru partiduak irabazi ditu orain arte.
Mutilak
Neskek bezala, mutilek ere Mojategi berrestreinatuko dute. Euskal Ligako 1. mailako zazpigarren jardunaldiaren baitan, Julen Barrutiak zuzendutako taldeak Uni Bilbo hartuko du etxean eguerdiko 13:00etatik aurrera. Iragan asteburuan Elorrion galdu eta gero, sarrailagileek garaipenaren bidera itzultzea bilatuko dute.
Jokatutako bost partiduetatik bi irabazita, Kanpanzar Arrasate azken hirugarrena da sailkapenean zortzi punturekin, atzetik Urgozo (lau puntu) eta oraindik punturik eskuratu ez duen Eibar dituela. Aurretik, bi puntu gehiagorekin, Atletiko San Sebastian, Durango eta Menditarrak daude.
Testuinguru honetan, Uni Bilbo mendean hartuz gero eta gainontzeko emaitzak aldekoak balira, talde zuri-moreak aurrerapauso nabarmena emango luke sailkapenean. Aurrean edukiko duen aurkaria, baina, ligako indartsuenetarikoa da, 23 punturekin bigarren sailkatua baita Uni Bilbo. Bizkaitarrek jokatutako norgehiagoka guztiak irabazi dituzte, eta bonus puntuek baino ez dituzte alderatu Elorrio liderrarekiko. Lehenengo bi sailkatuen artean puntu bakarreko aldea dago.
Kartelera
Neskek bezala, 14 urtez azpikoek ere zapatuan izango dute hitzordua Mojategin baina, kasu honetan, goizeko 10:30ean Hernani/Atletiko San Sebastian konbinatuaren kontra. 16 zein 18 urtez azpikoek atsedenaldia izango dute asteburu honetan. Igandeari dagokionez, inklusibo zein Errugbi Eskolako neska-mutikoek asteroko entrenamendu saioa burutuko dute, Mojategin, 10:30ean hasita.
Babesle berria
Bestalde, Arrasate Errugbi Taldeak babesle berria du, herriko erdigunea eta Musakola artean kokatuta dagoen Elma taberna, hain justu ere. Babesle berriarekin adostutako akordioaren arabera, aurrerantzean klubeko federatutako talde guztiek -senior mailako neska eta mutilak, 18 eta 16 azpikoekin batera- bertan ospatuko dituzte partidu osteko “hirugarren denbora”.